Atzo Bartzelonan jakinarazi ziren Taula gaineko Arteen 2015 Sarietan saria eskuratu zuten Sabin Bikandi musikari, musikagile eta moldatzaileak --Aiko taldearen sortzailea ere-- eta Jon Maya dantzaria buru duen Kukai dantza taldeak, biak Diasporan aritutakoak, Bikandik musika-konposiziorik onenaren saria irabazi du Kukai dantza konpainiaren “Gelajauziak” ikuskizunerako landutako musika konposizioarengatik, eta Kukai dantza taldeak berak ere saria irabazi du artista-zerrenda onenaren kategorian. Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya eta Urko Mitxelenak osatzen dute taula gainean Kukai.
Bartzelona, Katalunia. Sabin Bikandi ikuskizun eszenikorako musika-konposiziorik onenaren saria jasotzeko hautagaia zen, partitura lantzen parte hartu duen Xabier Erkizia musikariarekin batera, “Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa Elurretan” ikuskizunerako musika konposatu duen Iñaki Salvador euskal musikariaz gain. Hirugarren izendatua Alberto García Demestres katalana zen, “L’Eclipsi” ikuskizunagatik. Bere hitzaldian, Sabin Bikandik era berezian gogoratu ditu bere familia, Xabier Erkizia ko-egilea, Jon Maya eta Kukaiko kide guztiak, eta baita “bizitzan ondoan izan dituen, erakutsi dioten eta berarekin dantza egin duten” emakume guztiak ere. Hitzaldia amaitzeko, Bikandik eskerrak eman dizkie danbolin jotzaileei eta omenaldia eskaini dio “dantza egiteko musika jotzea den lanbide zahar horri”.
GELAJAUZIAK-promo from Kukai Dantza Konpainia on Vimeo.
Dantza tradizionalari buruzko begirada berri bat
Sabin Bikandi eta Xabier Erkiziaren konposizioak musika jarri dio iazko martxoan estreinatutako ikuskizunari. Kalean eskaintzeko sortua, Euskal Herriko zenbait dantza sozialetan inspiratu da, horien gaineko begirada berri bat eskainiz, Cesc Gelabert koreografo katalanak egindako lanari esker. Euskal Herriko hainbat herritan izan da ikusgai, baita Argentinako zenbait hiritan ere, eta iaz Euskadiko Ikuskizunik Onenaren Saria jaso zuen Leioako Umore Azokan.
Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) Aiko Taldeko sortzaile eta dantza-maisua da, eta helduei dantza egiten irakastea xede duen Dantzaldi Ibiltaria proiektuaren sustatzaileetako bat. Horrez gain, dantza tradizionaleko irakaslea izan da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Era berean, Londresko Unibertsitatean Etnomusikologian doktoratu eta Musikako Goi Mailako Irakaslea da. Txisturako doinuen egile eta moldatzaile ez ezik, Bilboko Udal Txistulari Bandako kidea da.