euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ruper Ordorikak kontzertua eman zuen Habanako euskaldunentzat; azaroan Edorta Jimenez da Kuban

2010/10/26

Ruper Ordorika eta Ray Fernandez lagunarteko emanaldia eskaintzen AthletiKuba taldearen afarian (argazkia Mikel Marotta)
Ruper Ordorika eta Ray Fernandez lagunarteko emanaldia eskaintzen AthletiKuba taldearen afarian (argazkia Mikel Marotta)

PUBLIZITATEA

Nahiz eta elkarrengandik gertu ez egon, Kubaren eta Euskal Herriaren arteko loturak sendo dirau, hein batean behintzat irlan bizi diren euskaldunen ahaleginari esker. Kubako euskal komunitateak beti ditu ateak zabal-zabalik Euskal Herritik datozen musikari, idazle, zinegile eta beste bisitariei harrera egiteko. Azken bisitari horietako bat Ruper Ordorika kantari oñatiarra izan da. Ordorikak hiru kontzertu eman berri ditu Kuban eta lagunarteko emanaldi berezia egin zuen AthletiKuba taldeko kideentzat. Datorren hilean Edorta Jimenez idazlea espero dute irlan.

Josemi Arrugaeta/Habana, Kuba. Ruper Ordorika kantariak Kuban kontzertu bira egin behar zuela aitzakia hartuz Habanako AthletiKuba taldeak afaria antolatu zuen bere omenez. Irailaren 24ean izan zen hitzordua, Habanako Centro Vasco jatetxearen areto pribatu batean, eta bertara bildu ziren 50 bat lagun. Menua AthletiKuba taldeko presidenteak, Javier Zuloagak, prestatu zuen marmitakoa izan zen, eta bazkalostean kirol taldeko kideek omenaldia egin zieten Ordorikari eta bira honetan berarekin batera aritu diren artista kubatarrei: Ray Fernández trobadoreari eta Vladimir Zamora poeta eta saio-idazleari. Birak '¡Qué gran invento. Los amigos!' izenburua zuen.

AthletiKubako kideek ohorezko bazkide izendatu zituzten hiru artistak, bakoitzari bere bazkide karneta emanez. Euskal-kubatar harremanak sustatzeagatik diploma bat eta taldearen elastiko bana ere jaso zuten. Ondoren, lagunarteko giro ederrean, kontzertua eskaini zuten.

Ruper Ordorika gira por Cuba 2010 (1)

[Ruper Ordorika, zuriz, bere birakideekin eta AthletiKuba taldeko kide batekin, diplomak eskutan (argazkia Mikel Marotta)]

 Ruper Ordorika gira por Cuba 2010 (3)

[AthletiKuba taldearen afarian giro ederra izan zen (argazkia Mikel Marotta)]

Musikaren Etxean

Birari dagokionez Ruper Ordorikak eta kubatar kideek bertan behera utzi behar izan zuten irailaren 24ean Habanako Centro Hispanoamericano de Cultura delakoan eman behar zuten kontzertua, arazo teknikoak zirela medio. Horren ordez, Musikaren Etxean, Ray Fernandezek zuzentzen duen musikazaleen topagune ezagunean, egin zuten emanaldia.

Horren ondoren, Cardenasen eta Santa Claran eman zituzten kontzertuek, irailaren 25 eta 26ean, antolakuntza bikaina izan zuten eta jende asko bildu zen musikarien emanaldietaz gozatzera.

AthletiKubak webgunea sareratuko du

Bestalde, datorren larunbaterako AthletiKubak hil bukaerako bilera deitu du jada. Athletikeko zaleak (eta Realekoak ere) Centro Vasco-n bilduko dira eta I. Mus eta Domino Txapelketa jokatuko dute. Taldea webgunea ere ari da prestatzen eta aurki sareratuko du.

Bukatzeko, azaroan Kubako euskaldunek Edorta Jimenez idazlearen bisita espero dute. Jimenez AthletiKuba taldeko bazkide izateaz gain sortzaileetariko bat ere bada, eta kultur ikuskizuna eskainiko du.



Komentarioak

  • Kubara gatoz

    Nirekin batera Rafa Rueda kantaria ere hor izango da, zenbait lekutan jendaurrean jotzeko. Besteak beste,'Haragizkoa' gure ikuskizunerako prestatu dituen kantuak aditu ahal izango dira.

    Edorta Jimenez, 2010/10/26 14:09

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia