euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosariotik bi blog berri, Europako naziorik gabeko estatuez eta Nafarroari buruzko informazioa bilduz

2015/10/27

Eurosare eta Geroa Bai Argentina blogak
Eurosare eta Geroa Bai Argentina blogak

PUBLIZITATEA

Teknologia berriez baliaturik, bi gai zehatzei buruzko informazioa biltzen duten bi blog kudeatzen ditu nafar sustraiak dituen Fernando Lizarbe jeltzale rosariotarrak. Eurosare deitu duen blogean, Europa mendebaldeko estaturik gabeko nazioak –zehazki Katalunia, Eskozia eta Euskadi– hartzen ditu ikergai Zazpirak Bat-ko kide ere baden Lizarbek; bestean, Nafarroan Uxue Barkos gobernuburua buruzagi duen Geroa Bai koalizioaren azken nobedadeak argitaratzen ditu.

Rosario, Argentina. Euskal eta nafar diasporengana informazio eguneratuarekin iristeko asmoz bi blog sortu berri ditu Fernando Lizarbe rosariotarrak:

Eurosare

Eurosare bataiatu duen webgunean mota askotako materiala biltzen du Katalunia, Eskozia eta Euskadiri buruzko gaurkotasun politikoaz informatzeko. “Alde batetik, tokian tokiko komunikabideak hartzen ditugu iturri berriak zabaltzeko; bestetik, laguntzailea badut, Ander Esnal, eta berarekin batera, bloga eguneratzeaz gain, sare sozialetan ere badaukagu presentzia. Ander Esnal mutrikuarra, Humanitate eta Komunikazioan lizentziatua da eta aditua gai hauetan”, azaldu digu Lizarbek.

Testuez gain, Europako mendebaldeko estaturik gabeko nazioen mapak eta inprimatzeko dokumentuak ere eskuragai ipini ditu blogean. Eguneratzeari buruz, egunero argitaratzen ditu bsarrera berriak bai Facebooken bai Twitterren Katalunia, Eskozia eta Euskadiko prozesu subiranistei buruz, baina bloga, oraingoz hilean bitan eguneratzen du.

Eurosare
Eurosare Facebooken
Eurosare Twitterren

Geroa Bai Argentina

Beste alde batetik, Geroa Bai Argentina izendatu duen blogean EAJ/PNV, Zabaltzen, Atarrabia Taldeak eta independenteak partaide dituen Geroa Bai koalizio nafarra du gai nagusi. “Gure asmoa da koalizioa eta Nafarroan Uxue Barkosen eskutik gertatzen ari den aldaketa historikoa diasporan era sakon batean ezagutaraztea. Ni neu naiz Geroa Bai Argentinako komunikazio arduraduna eta gure iturri nagusia Geroa Bairen webgune nagusia da”, azaldu digu Lizarbek.

"Geroa Bai Argentina" blogean hilean bitan igotzen dira gutxienez eduki berriak –“asmoa da, ordea, astean bitan egin ahal izatea”, iragartzen du arduradunak– eta Twiterren ere aurki daiteke.

Geroa Bai Argentina
Geroa Bai Argentina Twitterren

Blogen kudeatzailea

Fernando Lizarberi dagokionez, Rosarioko Zazpirak Bat eta Roldango Euskel Biotza euskal etxeetako kide da. Bere burua ‘geroabaikide’ eta ‘jelkide’ gisa aurkezten abertzale rosariotarrak rol aktiboa dauka euskal gizataldean: euskara klaseak ematen ditu bere euskal etxean, Sabino Arana fundazioko kide da eta nafar arbasoak izanik Nafarroan bere botoa emateko eskubidea betetzen du, hitzez hitz adierazi digunez. “Txikitan dantzari izan nintzen Rosarioko Nafar Etxean eta oroimen izugarri politak ditut. Baina abertzalea izateagatik duela hamabost bat urte Zazpirak Bat-en bakarrik aritzen naiz. Hori dela eta, oso garrantzitsua da niretzat Nafarroaren berri eman ahal izatea euskal diasporaren baitan baina batez ere nafar diasporari begira”, adierazi du Lizarbek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia