Rosario, Argentina. Rosario hirian, margolan berri batek agerian uzten du euskal diasporaren presentzia lur hauetan. "Euskal Herria Batera", 2023ko Aberri Eguna ospatzeko Marlene Zuriagak eta Lisandro "Litxi" Urteagak egindako murala, Catamarca kaleko 1640 zenbakian ikus daiteke. Pinturak 10 metroko luzera du, 6ko zabalera, eta brotxaz eta arrabolaz egin dute. Bi egileak, 2021ean Argentinako Banderaren Monumentu Nazionaletik bi kaletara, 69 metro garai den Messiren aurpegia margotu zuten artista berberak dira,
Bi muralistak dira euskal deituradunak. Litxi Urteaga birritan izandakoa da Euskal Herrian eta 2015ean mural bat margotu zuen Gipuzkoako Idiazabalen, bere birraitona bertakoa baitzen, eta propio margotu eta islatu nahi izan baitzuen haren abiatzea bertatik Argentinara. Marlene Zuriagak, berriz, bere familiaren historia berreraikitzen segitzen du. "Horretan nabil, pazientzia handiz eta urratsez urrats. Euskal etxeak dauden lekuetatik urrun bizi garenez, ez dugu horietan ibiltzeko aukera izan, baina, zorionez, lan honek hurbildu egin gaitu eta sendotu egin dugu gure nortasunaren zati horrekiko harrotasuna", adierazi dio Euskalkultura.eus-i.
Lisandro Urteagak Idiazabalen, birraitonaren jaioterrian, egindako murala
Mural berriari dagokionez, egileek zalantzarik ez dute: “Ohore handia izan da irudi honetan taupada bat, kultura bizi hau, islatzea. Gure sentipenetik, mural honek mugak gainditzen dituen bihotz-bihotzetiko mezu sakona irudikatzen du. Lurrarekin berriz konektatzeko eta oroigarri bat landatzeko asmoa du, eta gaur, inoiz baino gehiago, adimen artifizialaren garaietan eta Gernika bonbardatu zutenetik 86 urtera gauden honetan, gizakia besarkatu nahi du”.
Valentin Tacconi eta Agustina Gomez dantzariek Lisandro Urteaga eta Marlene Zuriaga artistei eskainitako ohorezko aurreskua, alboan Maite Lertxundi eta Dolores Martinez Zazpirak Bateko zuzendaritza batzordeko kideak dituztela.
Murala lankidetza proiektu baten emaitza da. Artistek euren lana eta margotzeko materialak eskaini dituzte eta Rosarioko Udalaren babesa izan dute, baita zenbait partikularrena ere, hala nola Solans Hotela eta horma utzi zuen Terruño ardandegiarena eta Zazpirak Bat Euskal Etxearena ere. Besteak beste, Leon Gieco musikari argentinar ospetsuak, Kepa Junkerarekin grabatu zuenak, obraren berri eman du sare sozialetan eta artelana bisitatzera gonbidatu du.
Artisten irudi gehiago ikusteko, honako hauek dira haien sare sozialak:
IG: imagina.pinturamural, lisandro.urteaga, marlene_zuriaga