euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarion amaitu berria den Argentinako Euskal Aste Nazionalari buruzko argazki bidezko kronika (I)

2007/10/09

Arrecifeseko Euskal Etxeko Juani Saez eta Marianela Rimini txistulariek dantzan jarri zuten behin baino gehiagotan jendea Rosarion (EuskalKultura.com)
Arrecifeseko Euskal Etxeko Juani Saez eta Marianela Rimini txistulariek dantzan jarri zuten behin baino gehiagotan jendea Rosarion (EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urtero, euskal argentinar kolektibitatea biltzen duen gertakari hau antolatzen du FEVAk urte horretan egoitza izatea suertatu zaion euskal etxearekin elkarlanean. Oraingo honetan, Santa Fe-ko Rosario hiria eta bertako Zazpirak Bat Euskal Etxea izan dira festara etorritako ehundaka parte hartzaileren biltzaile, euskal kultura eta erroekiko atxikimendua lokarri. Datozen lerro eta artikuluan, 2007ko Euskal Aste Nazionalaren irudi bidezko kronika orokorra prestatu dugu.
Azken urte hauetan Euskal Astea gero eta ekitaldi eskaintza anitzagoa osatzen joan da, bertan parte hartzen duten ehundaka pertsonen gustu eta gurarien atseginerako. Beti osagarri izan dituen dantza tradizionaletatik hasita, arte plastikoen erakusketarainoko eskaintza egin du aurtengoan, esaterako, tartean Arkaitz Mendoza gipuzkoar pianojole kontzertistaren musika klasikoari lekua eginez edota Betagarri talde nafarraren ska-rock motako erritmo edo aire bizi eta txerpolariari.

[Argentina osotik etorritako dantza taldeen sarrera Independentzia Parkera, bertan kabalkada eta dantza emanaldi erraldoia eskaintzeko]

[Dantzariak dira Euskal Astean protagonista nagusi. Ahalegin polita egiten dute urtero, lehenik euren euskal etxeetan dantza taldea mantentzen eta dantza berriak ikasi eta euren ekoizpena hobetzen, ondoren eta urtean behin emaitza horiek hona ekarri eta gainerako dantzarien eta euskal etxeen aurrean erakusten. Aurten, larunbat gauean Fundación antzokian egindako erakustaldiaz gain, igande goizean hiriko Independentzia Parkean izan genituen ikusgai. Argazkian, Agintariena ikus dezakegu, Argentinan Ezpata Dantza bezala ezagutzen denaren lehenengo dantza. ]

[Rural Elkartearen irudia igande eguerdian, jai amaierako otorduan. Jende askorentzat deigarria izan zen aretoko hormetan ipinitako afixa eta zintzilikarioak euskaraz idatzirik ikustea. Bazkari ederra zerbitzatu zieten bertan parte hartu zuten mila bat pertsonei. Plater bat eta bestearen tartean dantzariek zuzeneko musikaz baliaturik dantzatu ahal izan zuten.]

[Diaspora argentinarreko jendearekin elkartzeko asmoa azaldu du aurten ere Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, igande arratsaldean Txilen egon beharrak bere bisita laburtu zuen arren, hondarrean 24 ordutara mugatuz. Hitzaldia eskaini zuen Rosarioko Fundación antzokian larunbat arratsaldean. Igandean ere hitz batzuk luzatu zituen, parkean, dantzarien kabalkadaren ondotik. Izan ere, Euskal Herriko memoria bizirik mantentzeko egiten duten ahaleginengatik eskerrak eman zizkien Diasporako euskaldun guztiei. "Memoria duen herriak, etorkizuna du", esan zuen eta batez ere gazteak animatu zituen etorkizun horren eraikuntzaren partaide izatera. Bertan zeudenen artean, bere emaztea Begoña Arregi; Argentinan Jaurlaritzako ordezkaria den Marieli Diaz de Mendibil; Kanpo Ekintzetako idazkari orokorra Iñaki Agirre; FEVAko lehendakari Mari Luz Artetxe; Rosarioko Zazpirak Bat-eko lehendakari Raul Bereziartua; eta Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria Josu Legarreta.]

[Euskal Asteko giro orokorra alaitasunari eta festa giroari lotua egon bazen ere, ondoeza sortu zuen batzuengan Rosarioko Euskal Etxeak Batasunak eskaini nahi zuen "Negoziazio prozesuaren porrotaren ondorengo Euskal Herriko egoera politikoa" izeneko hitzaldia, Zazpirak Bat-en egoitzan eskaini nahi zuena, bertan behera uzteko hartu zuen erabakiak. Karia hortara, talde bat, aurpegiak adierazpen askatasunaren aldeko karetek estalirik protesta burutu zuen lehendakaria hitzaldia eskaintzen ari zen Fundación antzoki barruan, eta baita kanpoan ere, 'euskal presoak Euskal Herrira' eslogana eta ikurrak zeramatzaten zapiekin, 'euskal etxeetan falta den adierazpen askatasuna' aldarrikatuz eta Batasunaren ekitaldia bertan behera utzi izana salatuz. Horrekin guztiarekin bat eginez, Zazpirak Bat-eko dantzariek uko egun zioten igande goizean parkean dantzatzeari.]

[Ehundaka pertsona pasa ziren asteburuan zehar FEVAk eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak-ek Ruraleko aretoan prestaturiko euskararen stand-etik. Partaide bakoitzak --beharrezkoa zenean irakasle batek lagundurik-- ibilbide bat egin behar zuen bere datuekin fitxa bat euskeraz betetzeko helburuarekin, taula guztien artetik. Jarduera bukatzean, informazio liburuxka eta 2008ko egutegi bat eman zitzaien fitxa osatu zuten guztiei.]


Lotura interesgarriak

FEVA, 'Federación de Entidades Vasco Argentinas'
www.fevaonline.org.ar

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea, Argentina
www.zazpirakbat.com

Arkaitz Mendoza, Rosariotik: 'Etxean bezala sentitu naiz'
2007ko urriaren 9an EuskalKultura.com-en argitara emana

Bakea lortzeko guztiekiko solasa defendatu du Ibarretxek Rosarion
2007ko urriaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana

Rosario, euskal Diaspora osoko bilgune
2007ko urriaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana

Ibarretxe Rosarioko Euskal Astera, Txile eta Kolonbiara abiatu da
2007ko urriaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana

Txalaparta argitaletxeak liburua aurkeztuko Rosarion
2007ko urriaren 5ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Udalbiltza-Udalbide, Euskal Astean partaide
2007ko urriaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana

FEVA-Euskaltzaleak-ek euskararen standa ipiniko dute Rosarion
2007ko urriaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskal Aste Nazionalaren ekitaldiak hasi dira Rosarion
2007ko irailaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia