Rosario, Argentina. Zazpirak Bat-ek baiezkoa eman dio beste behin hiriko gobernuaren deialdiari eta asteburu honetan eta hurrengoan Rosarion ospatuko den Gizataldeen Topaketaren 36. edizioan hartuko du parte. Pandemiaren ondorioz, janari tipikoen salmenta izango da Jaialdiaren ekintza nagusia. Erakunde bakoitzak bere egoitzan prestatuko ditu eta bezeroek Internet bidez ikusi eta Whatsappez eskatu ahal izango dute menu, ondoren etxeraino eramateko. Zazpirak Batek patata tortilla, arroz beltza txipiroiekin eta Txapela sagardoa eskainiko ditu hemen ikus daitekeen bezala. Zerbitzua gaur eta bihar eta azaroaren 13an eta 14an eskainiko dute.
Sukaldaritza ekintza nagusia izango bada ere, ez da bakarra izango. Antolatzaileek eskaturik bi enbaxadore aukeratu ditu Euskal Etxeak kultur edukiak prestatu eta zabaltzeko. Maria Eugenia Iribarren eta Leandro Bilbao dantzariek hiru bideo sortu dituzte. Batean, ‘errespetu’ hitza ahoskatzen dute euskaraz –beste hizkuntza askotan ere nola esaten den adierazten dute bideoetako batean–, beste batean Arin Arin dantzaren pausoak erakusten dituzte eta, hirugarrenean, jantzi tipikoak aipatzen.
Bestela ere, eta Zazpirak Baten planez, Euskal Etxeko lehendakari Cristina Arregui-k jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i EEaren ohiko proposamenetako batzuk laster berrabiatuko dituztela, baina modalitate birtualean, esaterako Euskal Zine Zikloa eta Literatura Tailerra.
(Rosarioko Nafar Etxeak ere hartuko du parte Gizataldeen Topaketan. Ikus artikulua hemen)
-Rosario Euskal Etxearen webgunea, hemen
-Zazpirak Bat EEa Facebooken