Rosario, Argentina. Aste honetan aterako du euskal etxe rosariotarrak bere egoitzako beheko solairuan dagoen jatetxea eta buffeta ustiatzeko lizitazioa. Baldintza-agiriak erakundearen idazkaritzan, Entre Rios kaleko 261an egongo dira eskuragai, bihar asteartetik --otsailaren 18tik aurrera alegia-- proposamenak jasotzeko epea otsailaren 27ra arte luzatuko delarik, gaueko 9etan. Euskal Etxeko arduradunek otsailaren 28an irekiko dituzte gutun-azalak eta emaitzak 96 orduren barruan jakinaraziko.
Kontzesioa hiru urtekoa izango da, 2020ko apirilaren 1ean hasita, eta Euskal Etxeko lehendakari Cristina Arreguik EuskalKultura.eus-iazaldu dionez, lehentasuna izango dute euskal sukaldaritzari eta euskal kulturari garrantzia ematen dieten proiektuek. “Horrek eta baita ere gure bazkideei tratu berezia ematen dietenek”.
Gogora dezagun Zazpirak Bat-eko jantokia hutsik geratu zela joan den abenduan, Aguirre Soraluce familiak bertan 25 urteko ibilbide oparoa eman ostean, jatetxeko ateak ixtea erabaki zuenean. Arantza Soraluze eta Itziar eta Ainhoa Aguirre ama-alabek urte amaierarekin batera esan zieten ‘agur’ bere bezeroei berehala proiektu berri batekin hasiko direla iragarriz.