Rosario, Argentina. Rosarioko Zazpirak Bateko jatetxeak ateak irekiko ditu berriz ere gaur, asteazkena abuztuaren 9ean, Puerto Gaboto jatetxe famatuaren arduradunen eskutik. Urte luzez Zazpiko jatetxea Aguirre Soraluze familiaren ardurapean egon zen, eta Euskal Etxeko jatetxea erreferentziazko tokia izan da Rosarion, 2019ko amaiera arte. Pandemia amaituta, suspertzea ez da lan erraza izan, horregatik oraingo aukera honek itxaropen handia sortu du.
Zazpiko jatetxeak gaur zabalduko ditu berriro ateak, menuan arrain eta itsaski aukera zabala bilduz eta "Pintxo-potearen ordua" eskainiz
Ibai-arrainetan espezializatua, Puerto Gaboto Rosarioko klasiko bat da. 25 urtez Pellegrini etorbidean funtzionatu du, hiriko eskaintza gastronomiko onena biltzen duen arterian. Elizabeth Ramos sukaldariak proposamen berritua aurkeztuko du aurrerantzean, proiektu berriari egokitua. Euskal sukaldaritzaren tradizioaren arabera, karta berriak itsas arrainak eta itsaskiak ere bilduko ditu. Ildo beretik, "pintxo-potearen ordua" ere ezarriko dute, eta pintxo bat eta edaria prezio merkeagoan eskainiko dituzte.
Ordutegia apurka luzatzen
Zazpirak Bat-entzat, Entre Rios kaleko 261eko bere egoitzan jatetxea martxan izateak berebiziko garrantzia du. Hala adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko erreferente Sebastián Larrazak: “Espektatiba handia dugu proiektu berriarekin. Rosarioko gizartean, Euskal Etxea eta Euskal Sukaldaritza oso ondo katalogatuta daude. Guretzat, jatetxea zabalik edukitzea axola handikoa da, etxeari bizitasun handia ematen baitio. Hasteko irrikaz gaude».
Abuztuan eta irailean, arratsaldeko bostetatik gauerdira arte egongo dira zabalik, asteartetik igandera, eta urritik aurrera, ordutegia luzatuko dute. Ohikoa denez, kuoetatn egunean dauden Zazpiko bazkideek deskontuak izango dituzte euren kontsumoetan.