euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak euskal babarrun-jate batekin ospatu zuen Maiatzeko Iraultzaren Eguna

2016/06/07

Maiatzeko Iraultzaren bazkarian, Arantxa Solaruce Itziar eta Ainhoa Aguirre alabekin Zazpirak Bat-eko sukaldean
Maiatzeko Iraultzaren bazkarian, Arantxa Solaruce Itziar eta Ainhoa Aguirre alabekin Zazpirak Bat-eko sukaldean

PUBLIZITATEA

Babarrun edo indaba gorriak prestatzeko arduradunak etxeko sukaldari Arantxa Solaruce eta Itziar Aguirre izan ziren. Bazkari berean, Maiatzaren Iraultza eta San Prudentzio eguna ospatu zituzten rosariotarrek. Berri honekin batera, ekainaren 11an Argentinako banderaren omenezko tea egingo dute etxeko Emakume Abertzale Batzako andreek.

Rosario, Argentina. Tokian tokiko eta Euskal Herriko kulturak erraz nahasten dira euskal etxeetan eta hori dela eta Maiatzaren 25ean Argentinako hainbat euskal erakundetan Aberri Eguna ospatu zen. Argentinarrentzat garrantzi handia duen data honetan, eta nahasketa horren isla bihurtuta, euskal plater tipikoa partekatu zuten Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko kideek: Maiatzaren 25eko bazkarian babarrun gorriak Tolosako erara izan zuten menu rosariotarrek. Menuak erakarriak, lagun ugari bildu ziren Euskal Etxeko instalazioetan Arantxa Solaruce eta Itziar Aguirre sukaldariek prestatutako platera dastatzera.

Zazpirak Bat-eko alkatea den Luis Maria Barrandeguyk EuskalKultura.com-i azaldu dion legez, “Iraultzaren Egunarekin batera, eta datak oso hurbil zeudenez, San Prudentzio eguna ere opatu genuen bazkari berean. Bazkaria bukatutakoan, karta txapelketak egin genituen. Jaia iluntzera arte luzatu zen”.

Banderaren omenezko topaketa

Euskal Herriko eta Argentinako ohiturak batzen jarraituz, datorren ekainaren 11an te bat egingo dute Zazpirak Bat-eko Emakume Abertzale Batzako andreek banderaren omenean. –Gogora dezagun bandera argentinarraren eguna ekainaren 20an dela, egun hartan hil baitzen Manuel Belgrano bere sortzailea–.

Hitzordua arratsaldeko 4etan da, Etxeko lehenengo solairuko aretoan eta erreserbak ekainaren 8ra arte egin daitezke idazkaritzan 0341-421 7670 telefonora. Arratsaldean zozketak egingo dira eta bildutako dirua dohaintzan emango zaio beharretan dagoen erakunde bati.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia