Rosario, Argentina. Rosarioko Zazpirak bat euskal etxeak 110 urte ospatu zituen abuztuko lehen asteburuan, bi eguneko programa baten bidez. Karia horretara hainbat zorion mezu eta atxikimendu jaso zituen, online eta presentzialak, Eusko Jaurlaritzatik eta euskal kulturako eta politikako hainbat pertsona eta ordezkarienak, tartean Arnaldo Otegi ezker abertzaleko burua eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, azken honek hitzaldi birtuala ere eman zuela. Abuztuaren 4an, bestalde, Rosarioko Udal Batzordeak 'Institución Benemétita' izendatu zuen euskal etxe rosariotarra.
Argentinako euskal etxeen agurra ere jaso zuen Zazpirak Batek, eta FEVAko bileraren anfitrioia izan zen asteburu berean. Ekitaldi ugari bildu zituen programak, besteak beste, mus-txapelketa, parekotasunari buruzko hitzaldi bat, agur birtualak, Macachingo Euskal Etxeko sortzaile eta erreferente nagusi Iñaki Unamunori omenaldia, eta Mateo Booz antzokian emanaldi artistikoa.
Hona antzokiko emanaldia eta 110. urteurreneko ospakizunari buruzko aipatu zazpi bideoak:
Gaualdi artistikoa Mateo Booz Aretoan. Aurreskua Rosarioko EEko "Gaztedi Zutik" eta "Gure Haziak" (txikiak eta ertainak) dantza taldeen eskutik eta Guillermo Canut Zazpirak Bat-eko lehendakariaren ongietorri hitzak.
Zer den eurentzat: bazkideen hitzak Zazpirak Bat definituz eta deskribatuz
Gure Haziak. Agintariena, Ezpatadantza, Marmutx eta Orbaizetako; txikien eskutik. Akelarre, ertainen eskutik. Hator, hator, Gaztedi Zutik-en eskutik
Urte hauetan bertan gertatutako istorio eta pasadizoak, Zazpiko bazkideen eskutik
Zuberoako Maskarada, Gaztedi Zutik-en eskutik. Dantza talde gonbidatuen emanaldia: Arku dantza, Roldango Euskel Biotza-ren eskutik eta Akelarre, San Nicolaseko Euzkal Etxekoen eskutik. San Migel, Gure Haziak taldeko ertainen eskutik
Pasadizo eta iritzi gehiago, zer da Zazpi zuretzat?, Zazpiko bazkideen eskutik.
Fandangoa eta Arin arin, Gaztedi Zutik-en eskutik
Hiriak 'Instituzio Benemerito' izendatu zuen Zazpirak Bat
Abuztuaren 4an sinatutako aitorpena
Rosarioko Hiriak Zazpirak Bat 'Instituzio Benemerito' izendatu zuela-eta, elkarteko lehendakari Guillermo Canut-ek emandako hitzak:
110 urteko ospakizunean iragarri genuen bezala, Rosarioko Udal Kontzejuak 'Erakunde Benemerito' izendapena eman zigun. Ohoratu egiten gaitu Zazpik onarpen instituzional goren hau lortu izanak, eta harrotasunez eta esker onez jaso genuen.
Harrotasuna 110 urte hauetan zehar Rosarioko gizartearen errespetua bereganatzen jakin duen erakunde bateko kide izateagatik, bere ateak irekirik gure Euskal Herri maitearen kultura bere adierazpen guztietan partekatuz.
Eta esker on sakona aitorpen honekin ohoratzen gaituztenei, Udal Kontzejuko eta Rosarioko Udaleko agintariei, gure bazkideei, garai guztietako gure zuzendariei eta gure lagunei, guztion lanaren eta maitasunaren batuketan gure historia oparoaren beste orrialde bat idazteko aukera emateagatik.
'Erakunde benemerito' izateak erantzukizun berri bat eransten digu, errekonozimendu handi horren alturan egotearena, gure eguneroko jardueretan, gure jai eta ospakizunetan, eta komunitate osoari zabalik antolatzen ditugun kirol ekintza eta proposamen soziokultural guztiekin.
Azkenik, saritu gaituztenei esan nahi diegu beti aurkituko gaituztela eraikitzen, gure balioen zimenduaren gainean, zerbitzurako eta apaltasunerako bokazioa lagun, gure Zazpi maitea handiagoa eta irekiagoa izan dadin, gero eta gehiago berretsiz komunitate rosariotarrarekin partekatzen ditugun loturak, elkarrekiko zerbitzua sustatuz eta gizarte askeago, bidezkoago eta solidarioago baten eraikuntzari ekarpena eginez.
Eskerrik asko Rosario, bihotz bihotzez!!
Guillermo Canut Garramiola
Rosarioko Zazpirak Bat-eko lehendakaria