euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Bat-ek lehen euskal-eskoziar topaketa ospatuko du datorren astean zenbait kultur jarduerekin

2008/05/13

Zazpirak Bat EEak ospatuko duen euskal-eskoziar topaketaren kartela ekitaldiko programarekin
Zazpirak Bat EEak ospatuko duen euskal-eskoziar topaketaren kartela ekitaldiko programarekin

PUBLIZITATEA

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak, Argentinan, bere lehenengo topaketa euskal-eskoziarra ospatuko du datorren asteko larunbatean, hilaren 24ean. Zenbait hizlarik euskara eta gaelikoaren historiari zein egungo egoerari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte. Asteburu horretan den Maiatzaren 25a ere --Argentinan jai egun nazionala--, euskal-eskoziar era argentinarrera ospatuko dute, erreki bat antolatuz alegia. Festan, Euskal Etxeko dantza taldea eta abesbatza arituko dira eta Buenos Aireseko 'Fingal' musika eskoziarreko taldeak, gitarrak, gaitak eta perkusio zeltaren bidez, ikuskizuna eskainiko du.
Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak antolatutako euskal-eskoziarren lehen topaketa datorren asteko asteburuan, hilaren 24ean hasita, ospatuko da, Santa Fe probintziako euskal elkarte honen egoitzan (Entre Rios, 261). Ekitaldia arratsaldeko zazpi t'erdietan hasiko da Euskal Etxeko euskara irakaslea den Angie Garciak eskainiko duen lehenengo hitzaldi baten eskutik. Hizlariak euskararen aipamen historikoa egin eta gaur egungo egoera aurkeztuko ditu, laburrean, saioan Fernando Lizarberen laguntza eskuratuko duelarik.

Segidan, zortziak aldera, gaeliko eskoziarreko irakasle eta 'Ceolraidh' abesbatzaren sortzaile den Guillermo Santana Mac Kinlayk hizkuntza irlandarraren txandari eutsiko dio, Ferry O´Killianen laguntzarekin, bertaratutakoei gaeliko eskoziarraren historia eta orainari aurkeztuz. Hizlariak sortutako 'Ceolraidh' abesbatza errepertorio gaelikoa interpretatzen duen talde bakarra da Argentinan.

Elkar ezagutzeko ekitaldiak eta musika ospakizuna

Rosarioko Euskal Etxeko kideek eta oro har topaketan partaide izango diren gonbidatu guztiek Argentinan jai nazionala den Maiatzaren 25a ospatuko dute asteburu berean eta aurten bederen, 'Argentinako era euskal-eskoziarrera' egingo dute, bederatzi t'erdietatik aurrera Euskal Etxearen egoitzan bertan egingo den errekia-ren inguruan alegia, zenbait musika eta dantza ospakizun barne. Jaialdian, Zazpirak Bateko 'Lagun Artea' abesbatzeko kideek euskal eta argentinar kantak abestuko dituzte. Jarraian, Euskal Etxeko 'Txiki' eta 'Gaztedi Zutik' dantza taldeen emanaldia burutuko dute, hau guztia euskal parteari dagokionez.

Eskoziar aldetik, Buenos Airesetik etorritako 'Fingal' musika eskoziar taldea izango da aire eta doinu eskoziarren ordezkaria bi kultura eta nazionalitateon arteko bilkura honetan. Lau kidek osatzen dute 'Fingal', Guillermo Santana Mac Kinlayk (xirularru eskoziarrak eta ahotsa), Freddy Santana Mac Kinlayk (gitarra, tin whistle, xirularrua, bigarren ahotsa eta dantza), Ferry O´Killianek (bodhron, perkusio keltak, bigarren ahotsak eta dantza) eta Cintia Espinozak (perkusio osagarria, tin whistle eta xirularru asturiarra).


Lotura interesgarriak

Zazpirak Bat Euskal Etxearen webgunea
www.zazpirakbat.com

Eskoziari, bertako kultura eta ezaugarriei buruz
Wapedian

Euskara, euskal dantzak... Zazpirak Bat-en proposamenen artean
2008ko martxoaren 29an EuskalKultura.com-en argitara emana

Zazpirak Bateko jatetxeak Nazioarteko Gastronomia sari bat irabazi du
2007ko azaroaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia