euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Bat-ek berriz abiatu du bere abesbatza, Carlos Gantus musikariaren gidaritzapean

2010/05/03

Zazpirak Bat Euskal Etxeko Lagun Artean abesbatza, 2008ko ekitaldi batean
Zazpirak Bat Euskal Etxeko Lagun Artean abesbatza, 2008ko ekitaldi batean

PUBLIZITATEA

Ezaguna izan da oso euskal komunitatean Lagun Artean Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeko abesbatza. Izan ere arrakasta handiko aurkezpenak ematen zituen Rosarion euskal komunitateak antolatutako ekitaldietan. 2009an ibilbide luzeko koru honek urtebeteko atsedena hartu zuen, bere aktibitateak bertan behera utziz. Orain, eta Carlos Gantus musikariaren eskutik, euskal etxeko abesbatzak berriro ekin dio lanari. Entseguak asteazkenetan dira, iluntzeko 8etatik 10etara erakundearen egoitzan, eta taldean parte hartzeko gonbitea luzatzen dute euskal etxeko arduradunek. Baldintzei dagokienez, aukeran abeslari esperientziadunak eta musika irakurtzeko gaiak direnak nahiago dituzte; alabaina, ezinbesteko eskaera bakarra 'ahots polita izatea' da.

Rosario, Argentina. Hilabete da Carlos Gantus maisuak hartu duela Zazpirak Bat Euskal Etxeko Lagun Artean abesbatzaren zuzendaritza, koruaren maila handiko performanceari eusteko asmoarekin. “Gaur egun abesbatzak ugari eta mota askotako abeslariak daude gure inguruan”, azaldu zuen Gantus zuzendariak Palabra de Vasco irratsaioan elkarrizketatu ziotenean, “baina gure lana ondo egiteko kalitateak kantitateak baino garrantzi handiagoa du. Bikaintasuna da azken finean gure helburua”.

Euskal kultura hedatzea da Zazpirak Bat erakundearen xedea, eta etxeko kideek oso argi daukate Euskal Herriko kulturaren arloko espresioen artean musika eta kanta ezinbestekoak direla. Hori dela eta abesbatzaren lana bultzatzeak lehentasuna du gaur egun Rosarioko instituzioan.

Taldea asteazkenetan 20etatik 22etara elkartzen da etxeko Junta aretoan entseatzera eta, koruaren betiko joera jarraituz, errepertorioan euskal abestiak daude. Jadanik 15 lagun bildu dira taldera aldi berri honetan eta ateak irekita daude jende gehiago sar dadin. Aukeran abeslari esperientziadunak eta musika irakurtzeko gai direnak nahiago dituzte. "Alabaina" --adierazten du zuzendariak-- "oinarrizko eskaera bakarra ahots polita izatea da".

Carlos Gantus musika maisua

Carlos Gantus esperientzia handiko musikaria da, Argentinan nahiz Argentinatik kanpo. 1957. urtean hasi zen abesbatzak zuzentzen. Musika konposizioa ikasi zuen Rosarioko Unibertsitateko Musika Eskolan eta eskola honen zuzendaria ere izan zen geroztik. Argentinako beste lau unibertsitatetan aritu izan da irakasle eta abesbatzentzako hamazortzi obra argitaratu ditu. Horrez gain, Rosarioko Unibertsitateko Koru Polifonikoaren sortzaile eta zuzendaria izana da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia