Rosario, Argentina. Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak (Entre Ríos 261) gogotsu ekin dio urteari, eta gastronomiari dagokionez, etapa berri bat hasiko du. Duela mende bat pasexe bertakoek maitekiro “Zazpi” deitzen duten euskal etxe rosariotarra leku ezaguna izan da euskal sukaldaritza maite dutenentzat eta laster aukera berri bat eskainiko die bezero eta jarraitzaileei. Eta oraingoan, bere izenarekin, Zazpi Restó baita Sergio Serrano eta Andres Segarraren eskutik zabalduko duten aukera gastronomiko berriaren izena, EEko bazkideen eta oro har publiko zalearen ahosabai zorrotzaren eskariari erantzutea helburu eta Euskal Herriko errezeta tradizionalak neofitoen artean zabaltzen jarraitzea xede.
Zazpi Restó-k ateak martxoaren 8an zabaltzekoak ditu, baina ostiral honetan San Valentin denez inaugurazioaurreko afari-show bat antolatu dute, lau pausorekin. Erreserbak WhatsAppez 341-3740261 zenbakian
Sergio Serrano sukaldaria eta Andres Segarra aspalditik gastronomian diharduten bi lagun dira. Gaur egun, Rosario ondoko Ibarlucea herriko klub batean kontzesiodun dira. "Euskal gastronomia ezagutzen dute eta oso gogotsu daude erronka berriarekin aurrean, eta guretzat ere aukera hori albiste bikaina da", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Zazpirak Bateko zuzendaritza batzordeko kide den Fernando Lizarbek. Zazpi Restók martxoaren 8tik aurrera du ateak zabaltzeko asmoa (astelehenetik larunbatera, eguerdian, arratsaldez eta gauez, eta ez dute baztertzen igandeetan ere irekitzea). Baina ostiralean San Valentin eguna da eta kontzesiodun berriek ez dute zalantzarik izan, eta afari-show bat antolatu dute, data berezia egoki ospatzeko eta beraien burua aurkezteko aukera ederra izan daitekeelakoan.
Menua magia eta uztarketarekin
Inaugurazioaurreko afaria otsailaren 14an, ostiralean, izango da beraz, eta lau pausoko menua eskainiko dute, uztarketarekin. Hasteko, Gilda pintxo klasikoa, urdaiazpiko kroketak eta sagardo kopa bat. Ondoren, txipiroi frijituak beren tinta-gelarekin arroz berdearen gainean, ardo zuriarekin. Hirugarren, egosketa luzeko txerri-sabela lakeztatua batata krematsu eta patata-atalen gainean, 'saltsa braba'rekin eta kopa bat malbec. Amaitzeko, txokolate moussea, mugurdi-zentro eta intxaur-pralinearekin, eta xanpaina. Bostgarren pauso, Tato Pogolotti mago eta komediantearen showa. Txartelak 45.000 peso balio du, eta opari gisa, bikoteka, Las Perdices ardo botila bat jasoko dute afaltiarrek. Erreserbak egiteko, WhatsApp bidez 341-3740261 telefonora deitu. Eta informazio gehiago izateko, Instagramen: zazpiresto