euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Bat-ek Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketa izan zituen gogoan ekintza banatan

2015/05/04

Bonbardaketaren urteurren egunean, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak bat egin zuen beste hainbat euskal erakunderekin euskaldunek jasotako erasoa gogoratzeko (argazkia EE)
Bonbardaketaren urteurren egunean, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak bat egin zuen beste hainbat euskal erakunderekin euskaldunek jasotako erasoa gogoratzeko (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

2015eko elkarretaratzeen egitarauari eman zion hasiera Rosarioko euskal etxeak euskal gizataldearen barnean garrantzi handia duten bi data ospatuz, Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena. Berri honekin batera, Zazpirak Bat-ek jakinarazi du abiatu direla ddagoeneko euskal etxean dantza eta euskara klaseak eta baita Zine Zikloa ere. 

Rosario, Argentina. Zirrara handiko asteburua bizi izan zuten Zazpirak Bat-eko lagunek apirileko azkena, Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena ospatu zituztenean. Bizkaiko herrian 1937. urtean gertatutako sarraskia, apirilaren 26an bertan gogoratu zen Rosarion, hiriko Gernika Plazan. Erasoaren 78. urteurrenean, erakundeko Carlos Ibarbiak eta Cristina Mercadok, euskal etxeko komunitatearen izenean, lore sorta utzi zuten Gernikako Arbolaren kimuaren oinean.

Zeremoniaren baitan, etxeko lehendakari Ibarbiak hitz batzuk zuzendu zizkion publikoari Rosarioko euskal jatorrizko lagunentzat Gernika Plazak daukan garrantzitsua azpimarratzeko. Ekintzari amaiera emateko, Iparragirreren bertsoak abestu zituzten bildutakoek.

Aberri Eguna, dantzan

Asteburu berean, baina larunbat gauean, urteko lehenengo taberna handia egin zuten rosariotarrek Aberri Eguna ospatzeko. 180 lagun bildu ziren euskal etxean “antolatzaileen aurreikuspen guztiak gaindituz”, adierazi dio Zazpirak Bat-etik Luis Maria Barrandeguyk EuskalKultura.com-i.

Euskal menu tipikoa partekatzeaz gain, dantza emanaldiaz gozatzeko aukera ere izan zuten gonbidatuek. Etxeko dantzari guztiek hartu zuten parte ikuskizunean, tartean txikiek, Gaztedi Zutik taldeko neska-mutilek, eta dantzari ohiek. Gauean zehar, txikien gurasoak ere animatu ziren dantzatzera eta parranda ordu txikiak arte luzatu zen.

Euskara, dantzak eta zinea

Urtero bezala, deialdi zabala egiten du aurten ere euskal etxeak bere aktibitateetan parte hartzera gonbidatzeko. Txikientzako dantza klaseak ostiraletan dira, arratsaldeko 7:30etan, (Lorea Aguirre eta Maritxu Aguirre arduradun), eta gazteentzakoak larunbatero, 6etan.

Beste alde batetik, euskara klaseak Rosarioko Unibertsitateko Humanitate eta Arteen Fakultateko Hizkuntza Institutuan ematen dira, asteazkenetan, ordu 2etatik 4etara.

Zine zikloa ere martxan dago. Zikloaren 4. edizioa lehenengo emanaldia joan den apirilaren 16an izan da eta proiektatutako filma, “Zortzi euskal abizen”.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia