euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Udalak ohorezko diploma emango dio 15 urteko Pilar Lopez Virgili jota kantari argentinarrari

2017/05/25

Pilar Lopez Virgili jota kantari rosariotarra
Pilar Lopez Virgili jota kantari rosariotarra

PUBLIZITATEA

Pilar Lopez Virgili txikitandik izan da Rosarioko Nafar Etxeko dantzaria eta bertan ezagutu, eta ikasi zuen jota eta pasodobleak abesten. Nafar Etxeko lagunek bultzatuta Nafarroako jota eskolekin kontaktuan jarri eta aurtengo Sanferminetan parte hartzeko gonbitea jaso du, Iruñea bertako jota abeslariekin batera aritzeko. Bere aldetik, Rosario hiriak ere lagundu nahi du hamabost urte neska honen talentu nabaria eta diploma bat emango dio ekainaren 9an Udaletxean egingo den ekitaldi batean.

Rosario, Argentina. Nafar sustrairik ez izan arren txiki txikitan hasi zen Pilar Lopez Virgili Rosarioko Nafarroako Etxean dantzari, bere aurretik aita ere izana baitzuen erakundeko dantzari. Nafar kulturak inguratuta, dantza kontuez gain, txistua jotzen eta jotak eta pasodobleak abesten ere ikasi zuen. “Izugarri gustatzen zait dantzatzea eta abestea”, aitortzen dio EuskalKultura.com-i, kontatzen segitzeko Nafarroako Etxeko iazko San Fermin festetan oholtzara igo eta 'No te vayas de Navarra' kantatu zuela "eta elkarteko lehendakari ohi Sandalio Morealek entzunik hunkituta geratu zen; eta zedeak, materiala, letrak eta jotak ikasteko materiala pasatzea eskaini zidan". "Berehala konturatu nintzen aurrera egiteko teknika, hitzak, moldeak eta baliabide gehiago beharko nukeela eta Rosarion aukerarik ez dagoenez, gure ama Nafarroako Jota eskolekin jarri zen kontaktuan Facebooken bidez, euren laguntza eske. Bilaketa honi esker Jose Carlos Jimenez, ‘Charli’, ezagutu genuen. Charli Nafarroako Jota Eskolako zuzendaria da eta bere laguntza eskaini zidan, musutruke”.

Geroztik, eta teknologia berriei esker astero hiru orduko klaseak ematen dizkio Jimenez-ek Argentinako jota kantari gazte honi. Orduak, Pilarren eskolako eginbeharren arabera adosten dituzte; 15 urterekin bigarren hezkuntzako hirugarren urratsean baitago eta eskolaz gain komedia musikala ere ikasten baitu Pilarrek. Esan beharra dago baina, jota klaseak urrutikoak izan arren, Nafarroako Jota Eskolako ikasle gisa onartu zuten iaz Pilar.


['Soy navarra hasta que muera' jotaren Pilar Lopez-en bertsioa]

“Iazko azaroan, bestalde, Nafarroan egin zen masterclass batean eta beste saio batzuetan parte hartzeko gonbitea jaso nuen, eta pena handiz baina ezinezkoa egin zitzaidan joatea, gurasoek ezin zuten-eta hainbeste gastu ordaindu. Aurten, berriro ere gonbidatu naute; alde batetik uztailean Iruñean San Fermin jaietan abestera; eta, bestetik, azaroan, masterclass batera, kasu honetan Gasteizera, telebistaz emango duten ‘Un relevo por la vida’ izeneko jaialdi benefikoan parte hartzera. Zoritxarrez, oraindik ez dakit joateko aukera izango dudan ala ez, babeslerik ez dugulako lortzen, gure kabuz ezin baitiegu aurre egin gastu guztiei”, azaldu digu gazteak.

Egoeraren aurrean eta Pilarrek Nafarroako bere kolegekin kantatzeko daukan gogoa ikusita, Rosarioko Udalak lagundu nahi izan dio, izan ere, bere artea eta gaitasunak jendaurretuz eta komunikabideen aurrera agertuz. Bere orain arteko emaitzak eta ibilbidea goraipatuz, Udalak errekonozimendu bat ematea erabaki du eta hala eskuratuko dio ekainaren 9an, Udaletxean bertan goizeko 10etan egingo duen ekitaldian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia