euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Udalak diploma eman dio Pilar Lopez jotariari eta Nafarroara kantatzera joaten lagunduko diola agindu dio

2017/06/19

Diploma jaso ondoren bi jote abestu zituen Pilar Lopezek (argazkia Rosarioko Udala)
Diploma jaso ondoren bi jote abestu zituen Pilar Lopezek (argazkia Rosarioko Udala)

PUBLIZITATEA

Rosarioko Udalbatzako presidente Daniela Leonek proposamena aurkeztu zion Hiriari Pilar Lopez 15 urteko jota kantari rosariotarrari diploma bat emateko. Harro daude bertan, hain ahots ederreko jota kantari bat Argentinan jaio eta kantari karrerari Iruñetik hamar mila kilometro baino urrunagotik ekin izanaz. Udalak proposamena onartu eta urrats berriak ematen lagunduko diola agindu du. Hiriko Nafar Etxeko kide da Pilar eta internetez Nafarroako Jota Eskolako ikasle. Ostegunean jaso zuen ohorezko diploma.

Rosario, Argentina. Zeremonia Rosarioko Vasallo jauregiko ‘Raul Alfonsin’ aretoan gauzatu zen. Bertan bildu ziren Pilarren ahaide eta lagunak, tartean gurasoak, Hernán López Lo Celso eta Carla Paola Virgili; Victoria eta Valentina ahizpak; eta bere 'deskubritzaile' eta babesle izan den Nafar Etxeko lehendakari ohi Sandalio Monreal. Rosarioko Nafar Etxeko eta Etxe Galiziarreko beste ordezkari batzuk ere bertaratu ziren Jauregira.

Ekintzari hasiera emateko Udalbatzako presidente Daniela Leonek eta Pilar Lopezek berak altxatu zuten Argentinako bandera. Ondoren, 'Rosarioko Herritar Ospetsua' den Carmita Battlek hitz batzuk zuzendu zizkion artista gazteari: “Une alaia eta hausnartzekoa da honakoa. Oso egokia deritzot Rosarioko Udalak hiriko gazte bati errekonozimenduan eman izana. Gaiztakeriei buu hitz egiteko joera dago, baina gazteria ederra ere badaukagu eta hori gailendu egin behar dugu. Zoriondu nahi dut Daniela Leon presidentea errekonozimendua bultzatzeagatik eta baita Pilarri ere, egiten ari den bideagatik. Sandalio Monreal ere zoriondu nahi dut, berak aurkitu duelako neskatxa eta lagundu egin diolako. Nafarroan folklorea ez da iraganeko gauza bat. Balio handia du, eta geuk ere hemen gauza bera lortu beharko genuke”, adierazi zuen Battlek.

Jarraian, Nafarroako Jota Eskolako Carlos Jimenez zuzendariak egindako bideo bat proiektatu zen eta Daniela Leonek ohorezko diploma eskuratu zion Pilarri. Eskerrak emateko, Pilarrek hitz batzuk esan zituen, Rosarioren eta Nafarroaren arteko zubi kultural honen garrantzia azpimarratuz. Bukatzeko, bi jota lantatu zituen, “Soñé que la nieve ardía” eta “Ruiseñor quería ser”.

Ekitaldia bukatu aurretik, Udaleko agintariek lagunduko ziotela Pilarri azaroan Nafarroara joaten esan zuten. Gogora dezagun Pilarrek Jota Eskolaren gonbitea jaso zuela aurtengo azaroan Eskolako beste ikasleekin batera klase magistral eta kontzertu batean parte hartzeko. 

EuskalKultura.com-ekin hizketan, harro eta pozik agertu zen gazte rosariotarra: “Ohore handia da niretzat diploma hau jaso izana. Uste dut oraindik ezin naizela ohartu gertatzen ari zaidanaz. Esker beroak eman nahi dizkiet laguntzen didate guztiei. Eta gogo handiz eta maitasunez jarraituko dut ikasten, Nafarroako lagunek esaten didaten bezala ‘Jotaren Argentinako enbaxadorea’ izaten jarraitzeko. Oso harro nago konpromiso honekin”, adierazi du Pilarrek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia