euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosana Entizneren 'Zorionaren bila' Mugarik Gabeko Umeentzako Ipuin Lehiaketaren irabazleen artean

2011/04/18

Otxarkoagako XXX. Umeen Jardunaldien afixa
Otxarkoagako XXX. Umeen Jardunaldien afixa

PUBLIZITATEA

2011ko apirilaren 2 eta 3an gauzatu ziren Otxarkoagako XXX. Ume Jardunaldiak. Gizarteko txikienei zuzenduta dagoen ekintza hau bultzatzeko, Mugarik Gabeko Haurrentzako Ipuin Lehiaketa antolatu zuen Txirula Kultur Taldea elkarte bilbotarrak. Euskal Herritik ez ezik, euskal diasporatik ere erantzun zioten testuak bidaltzeko deialdiari; lanen artean bazegoen Madril, Bartzelona, Kolonbia eta Argentinakorik ere. Argitaratzeko hautatutako ipuinen artean, 'Zorionaren bila' dago, Rosana Entizne Bahia Blancako euskara irakaslearen lana. Irakur hemen ipuina.

Bahia Blanca, Argentina. Hogei urte baino gehiago daramatza Rosana Entizne-k euskararen munduan murgilduta. HABEk eta FEVAk kudeatzen duten Argentinan Euskaraz programan trebatu ondoren euskal kulturarekin lotura duten hainbat ekintza bultzatu ohi ditu Union Vasca Euskal Etxeko euskara irakasleak. 2009ko Euskal Astean berak zuzendu zuen danborrada eta 2008an Bahia Blancako Udaleko Antzokian aurkeztu zen 'Pudente, lehen euskal opera', batzuk aipatzearren, guztion oroimenean daude oraindik.

Aurten, ordea, literatura arloko sari bat lortu du euskaltzale argentinarrak. Entiznek aurkeztutako narrazioak, Txirula Kultur Talde Bilboko elkarteak antolatutako Umeentzako Mugarik Gabeko IX. Ipuin Lehiaketa irabazi du eta beste 27 narraziorekin batera argitaratu da haurrentzako ipuinak biltzen dituen liburu batean.

Bakea, tolerantzia, genero-berdintasuna, giza eskubideak eta naturaren zainketa bezalako baloreak sustatzea helburu duen proiektuan jarrera ezin hobea izan zuen 'Zorionaren bila'k, zoriontsua izateko bidea zein den erantzuten saiatzen den Rosana Entizneren ipuinak. Hona ipuinaren euakarazko originala.

ZORIONTASUNAREN BILA

Bazen behin zoriontsua izan nahi zuen mutiko bat.

Amandre Eguzkia jaiotzetik Amalurrarengana joan arte gora eta behera zorionaren bila zebilen. Bazter guztiak arakatu zituen, baina ez. Ikusezina zela ulertu zuen, esku artean eutsi ezina.

-Akaso jakiturian izango da? –Galdetu zion bere buruari, eta galdetzerakin batera buru belarriz hasi zen ikasten. Auzoko batzuk bere bila etortzen ziren olgetan ibiltzeko, baina gure mutikoa oso lanpetuta zegoen zorionaren bila, ikasten zuen gelaraino besteen barreak heltzen zitzaizkion. Zoriontsuak ziruditen.

-Jakiturian ez bada, arte ederrean izan behar - pentsatu zuen mutikoak -. Azken finean artista guztiek zoriontsu ematen dute.

Horrela ekion zion, hasieran koadroak pintatzeari, eta gero musika idazteari. Asko ikasia zelako bai koadroak bai musika akatsik gabekoak ziren. Hain ziren perfektoak non ez zuten ezer esaten, ez zuten inor hunkitzen. Eta gure mutilak arte ederrari denbora osoa eskeini bitartean, Institutoko beste mutilak hondartzara eta diskoteketara joaten ziren. Haiek bai, haiek zoriontsuak ziruditen.

-Noski! - Pentsatu zuen -. Horiek badute xahutzeko dirua. Bai, aberatsa izan behar dut zoriona aurkitzeko!

Esan eta egin. Entrepresa batean sartu zen eta lar azkarra zelako di-da nagusiaren eskuko eskua izatera heldu zen. Gero eta diru gehiago zuen, gero eta gizarte maila altuagotan mugitzen zen, eta nagusia jubilatzean bere lanpostua utzi zion.

Gure gizona jo ta ke lanean murgildurik ibili bitartean bere lankideak, gero bere enplegatu bihurtuko zirenak, astebururo mendira edo zelaira joaten ziren senidekoekin eta astelehenero zein baino zein zoriontsuago bueltatzen ziren.

Hogei urte emankor bete zuen entrepresa horretan, denen ahotan entrepresako urterik emankorrenak, eta ohi zuten bezala, festa bat antolatu zuten nagusiaren omenez.

Afari ederra prestatu zuten eta postrerako garaian, oraingo eskuko eskua hasi zen nagusiaren historioa iruten: nola izan zen ikaslerik onena, arte ederrean lortutako sariak eta azkenean negozioetarako zuen abileziaz mintzatu zen. Aretoa txaloek botatzear zegoen gizon ospetsuak mikrofonoa hartu zuenean.

-Gabon lagunok, horrela deitzeko baimena ematen badidazue. Eskerrik asko, bihotz bihotzez. Benetan hunkitu naiz gau honetan nire bizitzako setarik setatsuena ase egin denean.

Gaur afaria egingo zutela esatean txartel batzuk eman zizkidaten nire lagunak edo senidekoak gonbidatzeko. Eskertu nituen, eta txartelak eskuan geratu nintzen, nori eman buruan erabiltzen. Ez dut inor nire ondoan eta munduko gizonik goibelena sentituz etorri naiz. Afaldu bitartean niregandik hurbil sentitu zaituztet. Nire historio txikia entzutean, eskerrik asko, Tintxo, oso laburpen polita egin duzu, bide batez. Nire historioa entzutean, ikusi ere egin dut. Nire inguruan beti bazeuden aberatsak eta pobreak, jakintsuak eta benetako astoak-astoei barkamena eskatuz, artistak eta  langileak. Guztiek zoriontsuak ziruditen. Zer zeukaten amankomunean? Oraintxe ulertu dut: laguntasuna, elkarren maitasuna. Horretan datza zoriona. Hor dago, lo, gure bihotzen barnean, makurturik, guk esnatzen uztearen zain. Hau guztiarengatik lagunak deitzeko baimena eskatzen dizuet, eta berriz ere, bihotz bihotzez eskertzen dizuet zoriona non dagoen erakutsi didazuelako.


Lotura interesgarriak

Txirula Kultur Taldea elkartearen bloga
www.txirulakulturtaldea.blogspot.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia