euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosana Entizne, Bahia Blancan euskara irakurle den argentinarra: "Euskarak erraz maitemindu ninduen"

2011/05/25

Rosana Entizne Juan Karlos Etxegoien, 'Xamar', idazlearekin, honek Bahia Blancan eman zuen hitzaldiaren ostean (argazkia REntizne)
Rosana Entizne Juan Karlos Etxegoien, 'Xamar', idazlearekin, honek Bahia Blancan eman zuen hitzaldiaren ostean (argazkia REntizne)

PUBLIZITATEA

Rosana Entizne euskal-argentinarra Bahia Blancako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurlea da 2007az geroztik. Union Vasca Euskal Etxean hasi zen euskara ikasten eta, matematikaria izanik, 'hizkuntzaren logika eta egitura garbia' maite ditu. Berak zuzentzen dituen euskara klaseetan, arlo praktikoa eta dibertsioa dira nagusi: ikasleek jokoak, antzezlanak, grabazioak, bromazko Teleberriak eta pintxo salmenta-dastaketak egiten dituzte. Helburua: ikasleek klasetik at euskara erabiltzea.

Bahia Blanca, Argentina. Rosana Entizne Argentinako euskalduna da. Eta herrialde honetan bertan ikasi zuen euskaraz, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen 'Argentinan Euskaraz' egitasmoari esker. Bide horretan hasi zenetik hogei bat igaro dira jada, eta maila bikaina eskuratzeaz gain, Rosana Bahia Blancako Universidad Nacional del Sur-en Euskara eta Euskal Kultura irakurlea da egun.

Matematekaria da Rosana, eta euskararen egituraren logikak hizkuntza ikasten lagundu ziola aitortzen du. Orain, ikasleek klasean ondo pasa dezaten makina bat ekimen egiten ditu kurtsoan zehar: 'Doktor Kaipirinha' antzerkia, zinea (euskaraz filme bat grabatu zuten), argazki nobelak, egunkaria, telebista sailak, abestiak, irratsaioak, futbola euskaraz, herri kirolak... Umoretsu kontatu dizkigu klaseetan gertatu zaizkion hamaika pasadizo.

- Zenbat ikasle daude irakurlegoaren klaseetan? Ze profilekoak?

Urtero hogei ingurukoak dira taldeak. Eskaintza irekia denez edozein sar daiteke talde barruan. Dena dela, orokorrean Unibertsitatearekin nolabaiteko lotura izaten dute: ikasleak, irakasleak, administratzaileak, jubilatuak, enplegatu baten seme-alabak dira... Gehienak Euskal Herrikorn ondorengoak dira baina badago jakinmin hutsez etorzen denik.

- Zer dakite EHri buruz?

Guztiek kokapena, batzuek gaur egungo egoera politikoa, eta adinaren arabera musika, futbola edo Euskal txirrindularitzaren berri dute.

- Ze inpresio dute euskara entzuten dutenean?

Orokorrean entzuna daukate, eta arbaso baten esaldi batzuk gogoratzen dituzte. Beti dago zailegia dela protestaka dabilena, baina komunikazioa aurrera eramatea jolas bihurtzen dugu eta ezinezkotzat jotzen zutena lortu ohi dute.

- Zerk sortzen die harridura gehien?

Euskal Herriko erlijio zaharrak, festen jatorriak, aintzineko ohiturek, orokorrean.

- Euskal Herriaren egoerari buruz zer diote?

Klase barruan ez dugu gaurko egoeraz hitz egiten. Interneteko helbideak ematen dizkiet, gaur egungo informazio ona irakurtzeko. Unibertsitate barruan ez naiz politikaz ari, ez Argentinakoaz ezta Euskal Herrikoaz ere.

- Zure esperientzian oinarrituta, erraza al da euskal kultura atzerrian ‘saltzea’?

Maite duzuna poroetatik ateratzen zaizu. Gauzak horrela, erraz asko saldu beharrean, oparitu egiten dut euskal kultura. Baliteke saltzaile ona izatea, baina zerbait azaltzen dudanean entzulegoak interesa erakusten du, beti gehiago eskatzen du. Eta ez naiz ikasleetaz ari, hitzontzia naiz eta gustatzen zaidana besteekin konpartitzea gustatzen zait, batez ere feed back-a dagoenean (besteen kulturaz jaztea ez dago batere txarto, ezta?)

Euskara Irakurletza Bahia Blanca (3)

[Pintxo-praktikan: ikasleek pintxoak egin eta saldu egiten dituzte, eta atzean euskarazko esaldiekin kartelak jartzen dituzte, erostera doanak euskaraz eska dezan (argazkia REntizne)]

- Ereiten ari zara orain, zeintzuk uste duzu izango direla irakurlego honen fruituak?

Bahia Blancan badago Euskal Etxea eta batzuk joaten dira Euskal Herriko kulturarekin harremanetan sartzeko. Irakurle programa honen bidez euskal kultura Euskal Etxetik atera dugu; ez Unibertsitate barruan gordetzeko, hiriko biztanle guztiei zabaltzeko baizik. Unibertsitatean oinarrizko maila baino ez dugu ematen, baina aurrera jarraitu nahi badute, Euskal Etxean badute aukera. Pixkanaka pixkana gero eta euskaldun gehiago izango garelakoan nago eta hori gutxi balitz Euskal Herria aintzinean geratu den momia bat ez dela frogatzen dugu.

- Klaseez gain, kultur ekitaldiak ere egiten dituzue. Zeintzuk?

Ahal ditugun guztiak. Ikasleek eginak: 'Doktor kaipirinha' antzerkia (Leteren 'Doktor aspirina' moldatuz); 'Badago ala ez dago' filmearen grabazioa (Yolanda Arrieta Malaetxebarriaren antzerkian oinarriturik); 'Teleberria', txantxetan; 'Zertarako balio du euskarak?' diaporama...

Euskara Irakurletza Bahia Blanca (2)

 ['Badago ala ez dago' filmearen irudi honetan, Martin ikaslea (argazkia REntizne)]

Ikasleek antolaturik egin ditugu kontzertu didaktikoak (talde batek abestiak prestatzen ditu eta abestu ahala abestiaren jatorriko irudiak ikusten dira; maitasun abestiak eta seaska kantak egin ditugu); dantza emanaldiak, Union Vasca-ko 'Beti Aurrera' dantza taldearen laguntzaz; 'Pudente' lehen euskal opera (Serafín Barojaren opera osoa muntatu genuen); 'Mendi Mendiyan' Usandizagaren operaren muntaia Bahia Blancako Euskal Astean (Union Vascaren laguntzaz lortu genuen Carmen Aparicio, Santos Ariño Altuna eta Andeka Gorrotxategi kantariak etortzea pertsonaia nagusiak egiteko).

Eta ikasleek gozatzeko Ruper Ordorikaren kontzertua, Joxe Anjel Irigaray eta Euskal Olergintza berria, Juan Karlos Etxegoien 'Xamar'-en hitzaldia... Azkenik, kanpo ekintza bezala euskarazko sukaldaritza klaseak, mintzodromoak, ikasleen topaketak, Euskararen Eguna...

Euskara Irakurletza Bahia Blanca (4)

[Euskararen Eguneko jaia Bahia Blancan. Irudiaren eskuinean Rosana Entizne euskara irakaslea ageri da (argazkia REntizne)]

- Pasadizorik?

Ohikoak: bigarren klasean sartzen denak, beti bezala, gainerako ikaskideak elkarren senideak direla uste du -“ni Bego Naiz“, “ni Bixente Naiz“, “ni Amalia Naiz“...- eta helduberriak "ni Juan López“, hori urtero gertatzen da. Bai Unibertsitatean, bai Euskal Etxean.

Normalean ikasle guztiek egun batean edo bestean galdetzen dute: "nire amona zenak zera esaten zuen. Zer esan nahi du?" Behin amona jator batek, dexente herabea eta ondo hezia, samurki, horrelako galdera egin zidan. Ez dut idatziko letraz letra, baina esaldi hura bere amak seme-alabei esaten zien haserre zegoenean. Entzutean barrez lehertu nintzen eta azaltzean bera ezik, baita beste guztiak ere. Amona gajoa burutik behera gorritu zen eta gu lasaitzen saiatu ginen, dena ikasi behar dugula esanez.

Beste bat: gripe A dela eta, Unibertsitatea itxi egin zuten eta euskararekin jarraitzeko hasi ginen pelikula bat filmatzen. Sei hilabete baino gehiago iraun zuen filmaketa horrek. Beti arratsaldez elkartzen ginen eta filmatzen zuenak ez zekien euskaraz (logikoa denez filmatzen bazekiena bilatu genuen eta). Tira, bada ikasleak heltzean zirenean agurtzen zuten: "Kaixo! Arratsaldeon!". Eta hilabetea igaro ondoren kamerak galdetu zidan: “¿Por qué dicen Cayó Agamenón cada vez?" (kontuan hartu gure “y” zuen “x” bezala entzuten dela).

- Zer sentipen dituzu lan honetan? Ze itxaropen/amets?

Ez dakit. Euskararen munduan murgiltzen naizenean ondo sentitzen naiz. Une atseginak dira guztiontzat. Talde bat zoriontsu lanean ikustea nahikoa da, eta honezaz gain hain maite dudan hizkuntza eta kultura lantzea benetan zoragarria da. Zer gustatuko litzaidake? Egun batean klaseko denok euskaraz komunikatzea, baina hori ezinezkoa da eta horrek ere poza ematen dit. Zergatik? Taldea urtero handitzen delako. Urte bukaeran, ordea, lortzen dugu. Iaz, adibidez, ardotegi batera joan ginen eta osorik euskarazko irteera izan zen. 

Euskara Irakurletza Bahia Blanca (5)

[Mintzapraktika ardandegian: "irteera euskara hutsean egin genuen", azpimarratzen du Rosana Entizne irakasleak (argazkia REntizne)]

- Nondik datorkizu euskararekiko maitasuna?

Zaila da azaltzen. Txiki-txikitatik euskaraz kantatzen nuen eta ez nuen askorik ulertzen. Orduan, Union Vasca-n euskara klaseak hasi zirenean sartu nintzen ikastera. Urte hartan egin zen Euskal Astea Bahia Blancan eta horren ondorioz burutu zen lehenengo euskara barnetegia Macachinen, 1990eko urtarrilaren 6an hasia, Erregeen oparia bailitzan. Euskal Etxekoek hara bidali ninduten eta euskarak berak erraz asko maitemindu ninduen. Akaso matematikaria izatetik datorkit, baina euskararen egitura guztiz garbia iruditzen zait, ezinhobea. Gainera, hizkuntzak ez dabiltza bakarrik, herriko kulturak eramaten dituzte barruan, herri kulturaz elikatzen dira baita isladatzen dute ere.

Eta euskal kultura zoragarria da. Zenbat eta atzerago jo hainbat eta gehiago zoratzen zaitu. Baina euskara ez da aintzineko egunetan geratu. Matematikaria naizela esan dut, eta nire gaia “fuzzy logic” da, 'logika zirriborrotsua' euskaraz esatekotan. Hilabete pare bat eman nuen EHUn eta euskaraz egin nuen lan, hain berria den gai honetan (beno, euskararen aldea da berria, gaia bera 1960 hamarkadakoa baita).

- Bertako euskal komunitatearekin harremanik ba al duzu?

Bai, Unión Vascan jaio nintzela esan daiteke. Euskal Herriko euskal komunitatearekin ere badut harremanik. Dexente onak, hain zuzen ere.

- Ze beste proiektu duzu esku artean?

Lehenengo egunetik topaketak egiten ditugu ikasleak elkartzeko eta haien artean esperienziak trukatzeko. Aurten "Mintzodromoak“ egiten ari gara. Ez daukate Euskal Herrian egiten dituztenekin zerikusirik. Ezer gutxi dakitenentzat, euskara erabiltzeko leku bat dira. Edariak eta janariak saltzen ditugu eta saltzailearen atzeko horman nola eskatu, nola pagatu eta nola eskertu karteletan idatzita dago. Bingoa egiten dugu edo kartetan aritzen gara, beti pantaila handia erabiliz. Horrela Euskal kantak lantzen ditugu, karaoke moduan.

Badaramat hogei urte Euskal kultura “saltzen”. Argazki nobelak, egunkaria, telebista sailak, antzerkia, abestiak, hitzaldiak, zinea, irrati programak, diaporamak, futbola euskaraz, herri kirolak... denetarik egin dut ikasle desberdinekin. Antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartzen dugu, zerbait berria egiteko.  Nik griña pizten diet, ez dut besterik egin behar, haiei landu nahi dutena lantzen laguntzea ez bada.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia