euskal diaspora eta kultura
2010/12/22
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Matematika irakaslea, musika irakaslea, euskara irakaslea. Arlo askotan ibiltzen da Rosana Entizne eta guztietan lan ona egiten omen du. Rosana 1990ean hasi zen Argentinan Euskaraz programaren barnetegietara joan zen eta handik gutxira EGA titulua lortu zuen.
-Zein euskal etxetik joan zinen Macahinen egin zen lehenengo barnetegira?
Bahia Blancako Union Vasca-tik. Euskal etxe bateko kide izatea beharrezkoa zen barnetegian parte hartzeko. Euskal Etxe barruan, abesbatzan eta euskara taldean aritzen nintzen.
-Zein zen euskararen egoera zure euskal etxean programa hasi aurretik?
Euskaldunzahar batek irakasten zuen, Lore Markiegik, hain zuzen ere.
-Nolatan erabaki zenuen programan sartzea?
Andoni Irazustak esan zigun Marigen Mujica eta bioi.
-Bazenekien euskara ikastaroa hasi aurretik?
Ezer gutxi. Bai horixe!-ren lehenengo bideoa ikusia nuen.
-Nolako esperientzia izan ziren hiru hilabeteko barnetegiak?
Oraingoekin ezin alderatu. Batez ere lehenengoa. Gu ezer jakin barik joan ginen. Ez naiz euskaraz ari, baizik eta proiektuaz. Lehenengoa eta azkena izango zelakoan geunden. Barnetegiaren bukaeran, Josu Legarreta agertu zenean, baten batek Euskadira joateko aukera izango zuela uste izan genuen eta nori egokituko zitzaion eztabaidatzen aritu ginen. Azken afaria bukatu ondoren Los Mareados tangoa kantatzen genuen, "...hoy vas a entrar en mi pasado...". Baina hurrengo bazkarian, amaierako bazkarian, hasiera baino ez zela jakin genuen. Lehenengo barnetegi hartan ez genuen atsedenik izan, dena jakin eta den-dena ikasi nahi genuen. Irakasleek ere dena irakatsi nahi ziguten, ikasle eta geroago irakasle izan behar genuenez: mintzatzen, irakurketa, gramatika, aditzak, programazioa eta baita pedagogia ere.
Zer egin genuen? Euskara ikasteaz gain, denetatik: Necocheako San Sebastian jaira joan ginen, inauteriko gurdi dotorea egin genuen, argazki nobela bat, egunkaria, erreportajeak euskaraz, afitxeak, kontaketa bat guk marraztutako diapositibekin, jada ez naiz den-denaz akordatzen.
-1990ko barnetegia bukatu bezain pronto ikasle/irakasleek klaseak ematen hasi behar izan zuten norberaren euskal etxeetan, nolako esperientzia izan zen hura?
Ez dakit. Macachindik lehenengo urratseko ia klase guztiak programaturik ekarri genituen. Orduan, ezer gutxi geratzen zen guk erabakitzeko. Eguneroko fitxa guztiak betetzen genituen eta horrela ikasi genuen zer egin behar zen Argentinako klaseetan. Egiari zor, Argentinako klaseak ezin dira alderatu Euskal Herrikoekin. Guk programazio bat geneukan hango klaseetan erabiltzeko, baina klasero klasero idazten genuen pentsatutakoa, benetan egindakoa eta ondorioak. Hurrengo urtean egokiagoak izan ziren, ez gure euskara mailagatik, baizik eta programazioaren aldetik. Azken finean gure ikasleek hitzik ez zekiten eta guk neguko barnetegitik bueltan hirugarren urratsa bageneukan. Horretaz bai, gutako batzuk asko kezkatu ginen eta buru belarri aritu ginen euskara maila goratzeko barnetegi tartean, batez ere Miren Josu Uriarte irakaslearen laguntzarekin.
-Nolako ibilbidea egin duzu euskararen munduan hasi zinenetik orain arte?
Aber... lehenengo urtean Macachinen; bigarren eta hirugarren urteetan Tandilen, uste dut, eta gero Euskal Herrira eraman gintuzten, beka baten bidez. Bertan, Lazkaon, nik zazpi eta zortzigarren urratsak burutu nituen. Hurrengo urtean (1994) berriz joan nintzen Euskal Herrira, nire kontura, eta Amorebietako barnetegian azken urratsak egin nituen. 1995ean, Bilbon, EGA atera nuen. Bi milagarren urtera arte urtero joaten nintzen, beti nire kontura, euskara bizitzeko, ikastaroak egiteko eta materiala ekartzeko. Hau guztia, Miren Josu Uriarteren laguntzaz lortu nuen. Hortik aurrera ezin izan nuen bueltatu. Klaseak ematen nituen eta jarraitzen dut ematen nire euskal etxean, Bahia Blancan. 1991ean astero joaten nintzen Macachinera euskara emateko, 1992 eta 1993an Santa Rosara, eta 2006, 2007, 2008 eta 2009an Coronel Dorregora.
1991etik 1994era arte, irakasleok hilero elkartzen ginen gure arazoetaz hitz egiteko eta euskara hobetzeko. Bilera haien antolatzaileetariko bat nintzen. 1995ean Macachingo barnetegian laguntzaile aritu nintzen, San Nicolasen eta Paranan irakasle. Teresa de Zavaletak, Valeria Aramburuk eta hirurok "Dakizuna dakizula", dantzariei zuzendutako euskara eta euskal kulturari buruzko liburuxka bat idatzi genuen. 1994ean Plurilingüismoari buruzko lehenengo Kongresuan partaidea izan nintzen. Duela bi urtedanik Universidad Nacional del Sur-en "Euskara eta Euskal Kultura" lektoregoaz arduratzen naiz.
-Beste ekintzaren bat ere egiten duzu zure euskal etxean...
Euskara eta euskal kultura banaezinak direnez, euskal gaiei buruzko hitzalditxoak ematen ditut. Euskal etxeko antzerki irakaslearen laguntzaz zinea eta teatroa egiten dugu euskaraz. Horretaz aparte, danborradaz arduratzen naiz.
-Donostiako moldeko danborrada egiten baita Bahia Blancan. Non eta nola ikasi duzu danborrada jotzen eta, are gehiago, zuzentzen?
Ez daukat gogoan noiz baina danborrada handi bat egin genuen Mar del Platan, eta horretarako ikasteko bideoa ere bidali ziguten Donostiatik. Parte hartu ahal izateko jendeak ikasi nahi izan zuen eta ni musika ikasitakoa nintzenez laguntza eskatu zidaten. Partiturak aztertu, bideoa arreta handiz ikusi eta horrela hasi nintzen zuzentzen. Orduan enbiziatu egin ziren eta beti nirekin jo nahi dute. Normalean ez dugu data finkorik danborrada jotzeko, dantzariei irakasten diegu eta urtean behin edo bitan, gutxienez, jotzen dugu. Jo behar dugun bakoitzean segun eta partaideen ordutegiak entseguak planeatzen ditugu. Ez dugu talde finkorik, ahalik eta gehienek jo dezaten. Eta ez dugu beti Donostiako danborrada jotzen. Beste danborrada batzuekin saiatzen gara. Izan ere, Beti Aurrera Euskal Etxearen 60. urteurrenean, Hungariakoa jo genuen, goilaratxoekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus