Ronnie Lynn Patterson pianojole estatubatuarrak (Kansas, 1958) duela 24 urte utzi zuen bere sorterria eta, munduan zehar ibili ondoren, egun Parisen bizi da. Martxoan Zuberoan jo zuen, Xiru musika jaialdian, baina, Radiokultura.com irratiari aitortu dionez, ez zen Euskal Herrira zetorren aurreneko aldia. Euskal kultura biziki maite duela esan du, eta guk sinetsi, izan ere... euskara ederrean erantzun ditu galderak! Entzun elkarrizketa.
Donostia-San Sebastián. "Euskal Herria asko maite dut, argi dago, bestela ez nuen euskeraz egingo, eh?", esan du barrezka Ronnie Lynn Patterson pianojoleak RadioKultura.com online irratiarekin elkarrizketan. Musikaria AEBetako Kansas estatuan jaioa da, eta egun Parisen bizi da, baina badu Euskal Herriarekin harreman berezi bat.
Radiokultura.com-en azaltzen duenez, Euskal Herrian izan zen aurreneko aldian Errobiko musika jaialdian jo zuen, eta hor Beñat Achiaryk, jaialdiko zuzendariak, euskal historia kontatu zion. "Horrek harrapatu zuen nire barnea, hunkitu egin nintzen eta euskara ikastea erabaki nuen". Bere kabuz hasi zen euskara ikasten eta ederki ikasi ere!
"Egia da hori lan oso gogorra izan zela niretzat, baina etengabe jarraitu dut bide hori, eta gaur egun ere jarraitzen dut, hobetzen nire hiztegia... Oraindik oso gogorra da, baina oso maitea dut, benetan nabil oso gustura eta jarraituko dut", azaldu du.
Elkarrizketa osoa entzuteko, jo hona.
Ronnie Lynn Patterson-en musika entzun, bere webgunean.