euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Romtvedt aita-alabek euskal eta nazioarteko musika emanaldiak eskainiko dituzte gaur eta bihar Boisen

2015/11/19

David Romtvedt eta Caitlin Romtvedt-en Boiseko gaurko emanaldien kartela
David Romtvedt eta Caitlin Romtvedt-en Boiseko gaurko emanaldien kartela

PUBLIZITATEA

Wyoming-dik etorririk, David Romtvedt eta bere alaba Caitlin Romtvedt-ek euskal eta nazioarteko zenbait musika emanaldi eskainiko dituzte gaur eta bihar Idahoko hiriburuan, Boise State University-k (BSU) urtero antolatu ohi duen Nazioarteko Astearen baitan.Musikari trebe eta trebatuak dira aita-alaba eta, besteak beste, The Fire Ants" taldeko partaide. Euskal musikaz gain, kataluniarra, portugaldarra, frantsesa eta espainiarra ere landuko dituzte emanaldiotan.

Boise, AEB. Aurten kazetetan, argitara eman berria duen euskal kutsuko "Zelestina Urza in Outer Space" bere eleberria medio ikusi izan badugu ere, musikari alderdia bere-berea du David Romtvedt-ek eta jarduera horretan arituko da gaur eta bihar B oisen , izan ere bere alaba --eta baita musikari trebea ere-- den Caitlin Romtvedt lagun duela.

Leku askotako musika landu izan dute aita-alabek eta euskal musika zinez hurbilekoa badute ere Boiseko aldi honetan nazioarteko selekzio bat eskainiko dute, euskal musika ere tarteko, baina aldi berean kataluniarra, portugaldarra, frantsesa eta espainiarra ere bertaratuko dituztela.

Emanaldiak gaur eta bihar, azaroaren 19 eta 20an izango dira, BSUk emaniko dirulaguntza bati esker, unibertsitate honetako "Nazioarteko Astea"ren barruan, baina behin Boisen egonda euskal komunitateak ere baliatuko ditu.

Musikan trebeak izateaz gain, munduko kulturetan ere ibilitakoak dira aita-alaba eta kantatzen dituzten hizkuntzetako zenbait hitz egin ere egiten dituzte. David bera, trebatzen ari da bere burua euskara irakasle izateko HABE eta NABOko Euskara Munduan programaren baitan.

David-ek trikitixa eta soinu diatonikoa joko ditu eta Caitlin-ek bibolina, biak ere kantari. Hauxe izango dute egitaraua Boisen:

  • Ostegunean 3:00etan Boise Stateko SUB eraikuntzako Lounge zonaldean 
  • Ostegunean 4:30etan World Language laboratorioan
  • Ostegunean 7:00etan Basque Blocken, Euskal museoan
  • Ostiralean 11etan, Boiseko Ikastolan 


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia