euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Roldango Euskel Biotzak Batzarra egin eta, nortasun juridikorik gabe ere, segitu nahi du bere izena ohoratzen

2024/07/08

Ekainaren 1ean, Euskel Biotzako dantzari taldeak San Jeronimo Sud herriko 153 urteurrena ospatzeko jaialdian emanaldia eskeini zuen
Ekainaren 1ean, Euskel Biotzako dantzari taldeak San Jeronimo Sud herriko 153 urteurrena ospatzeko jaialdian emanaldia eskeini zuen

PUBLIZITATEA

Roldán, Argentina. Aurreikusi bezala, joan den ekainaren 1ean Batzarra egin zuten Santa Fe probintziako Roldan herrian, duela hiru hamarka baino gehiago bertan sortutako Euskel Biotza Euskal Etxeari zein forma juridikoz segida eman ebaztea solasgai. Bertaratutakoek elkartearen legezko izaerari baja ematea erabaki zuten, eta geroztik aurreratuta dauzkate erabaki hori gauzatzeko izapideak. Baina ez tronpatu, urrun baitago Euskal Biotzako lagunek asmoetatik Euskal Herriko kultura zabaltzeari uztea. Izan ere, egun hartan bertan euren dantzari taldeak eskaini zuen aldameneko San Jeronimo Sud-en, herri honen 153 urteak ospatzeko antolatutako ekitaldian.

Gutxi dira, baina euren atxikimendu maila ez da horregatik txikiagoa; gogotsu eta fier bizi dute euren euskaltasuna, ahal dutena baino urrunago joan gabe, errealismoa lagun, baina baita konpromiso argi bat ere

Batzarrarena, taldeak aurretik hartutako erabaki bat bideratzeko izan zen batez ere. "Gaia oso hitz eginda geneukan eta ez genuen beste irtenbiderik aurkitu. Gutxi gara, baina finkoa da gure asmoa, ahal den neurrian, ditugun tresnekin, lanean jarraitzekoa, ditugun indarretatik haratago joan gabe", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Euskel Biotzako lehendakari Maricarmen Schalchek. Dagoeneko ber hasi dituzten jardueren artean, dantzak garrantzi handia du. Helduen taldeak duela bi hilabete ekin zien berriro entseguei eta txikiak joan den ostiralean hasi dira, Gabriela Menghi zuzendari.

San Jeronimo Sud-en dantzari

Azkeneko hiru urtetan elkartzeko eta entseguak gauzatzeko izan dituzten oztopo eta zailtasunak gainditu ondoren, dantza taldeari aukera berri bat heldu zitzaion eta baliatzen jakin izan zuen. Izan ere, Euskal Biotzak gonbidapena jaso zuen San Jeronimo Sud herriko 153. urteurreneko ospakizunetan parte hartzeko. Ekitaldira bizilagunak, agintariak eta bertako eta inguruko erakundeetako ordezkari ugari bildu ziren.

“Pozik gaude berriro ere oholtzara igo eta dantza egiteagatik. Esperientzia oso atsegina izan zen, energia, grina eta plazer handiarekin", adierazi digu Euskel Biotzako diruzain eta dantzari den Ignacio Escalantek. Jaialdia bertako Tren Geltoki historikoaren aurrean egin zen eta euskal talde roldandarra talde folkloriko eta gizatalde gehiagotako balet eta taldeekin batera aritu zen. Arku dantza, fandangoa eta arin arina dantzatu zituzten, txalo handien artean eta, hori gutxi balitz, urrian berriro dantzatzeko gonbitea ere jaso zuten.

Euskel Biotzak segitu nahi du bere izenari ohore egiten. Hori hori, eutsi taupadari, Euskel Biotza!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia