Roldán, Argentina. Euskel Biotza, Santa Fe probintziako Roldan herriko Euskal Etxea, duela 36 urte sortua, une zaila ari da igarotzen. Bere Zuzendaritza Batzordeak Ohiko Batzar Orokorrera deitu ditu elkarteko kide, bazkide ohi eta lagun guztiak, euskal elkarteen jarduera formal ohikoenetako bat. Hala ere, aurreko ekitaldiko memoria eta balantzea, 2023ko abenduaren 31raino heltzen dena, kontuan hartzeaz gain, elkartearen legezko gaitasuna desegitea ere planteatu da. Bilera ekainaren 1ean izango da, 19:30ean, Boulevard San Martin 174an.
“Gure asmoa da batu gaituena eta batzen gaituena, esan nahi baita, euskal kultura, zabaltzen jarraitzea. Baina gure errealitatearen jakitun ere bagara, gaitasun juridikoak hainbat baldintza eskatzen dizkitu eta ez daukagu aski jende ardura hori geureganatzeko moduan. Horregatik erabaki dugu gure egungo egoerara egokitzea eta beste bide bat bilatzea», adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euskel Biotzako lehendakari María del Carmen Schalchek.
Dantzari txikien taldea
Beste euskal etxe askok bezala, Roldanekoak ez dauka berea den egoitza finkorik eta, denbora luzez, euskal dantzak izan dira bere jardueraren bihotza. Beraz, dantzaririk gabe geratzeak jarduerarik gabeko garai bat ekarri zuen. Gaur egun, txikien dantza talde berri bat osatzen saiatzen hasiak dira. Horretarako, Gabriela Menghi dantzari ohia dute zuzendari eta baliabide esanguratsu, baina oraindik ez dute lortu entseguak egiteko tokia.
Duela gutxi, aldameneko San Gerónimo Sud herriak datorren ekainaren 1ean ospatuko duten herriaren sorreraren urteurreneko ospakizunetan parte hartzera gonbidatu zituen, euskal komunitatearen ordezkari. "Hasieran, banderadunekin joatea pentsatu genuen. Baina Euskal Etxeko dantzari zaharrenak jakin zutenean, elkartu egin ziren eta entsegua egitea erabaki zuten emanaldia eskaini ahal izateko. Sei dantzari ohi dira eta oholtza berriro partekatuko dute, bihotzean daramatena egiten”, adierazi digu Schalchek.
"Engaiamendua dugu indar"
"Oso talde txikia gara, baina ditugun oztopo guztiei eta aurkitu ohi ditugun etsipen guztiei aurre eginez, batzen jarraituko gaituen bide sendo bat bilatu nahi dugu, eta, are garrantzitsuagoa dena, taldea hazi eta berritzea ahalbidetuko digun modua”, baietsi du engaiamendu sendoa adieraziz euskal buruzagi roldandarrak.
Aupa Euskel Biotza!