euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Roldango Euskel Biotza euskal erakustaldi bat ari da prestatzen herriaren 150. urteurren jairako

2016/03/08

Euskel Biotza Euskal Etxeko dantzariak Carcaraña herriko Gizataldeen Jaian
Euskel Biotza Euskal Etxeko dantzariak Carcaraña herriko Gizataldeen Jaian

PUBLIZITATEA

Maiatzaren 1ean izango da Santa Fe probintziako Roldan herriaren 150. urtemuga eta festa erraldoi batekin ospatuko dute bertakoek. Jaialdiaren programaren baitan, euskal erakustaldi bat eskainiko du Euskel Biotzak, argazki, bideo, hitzaldi eta dantzak barne. Berri honekin batera, izaera juridikoa eskuratze bidean daukatela jakinarazi digute roldandarrek.

Roldan, Argentina. Berez 2014an osatutako Euskel Biotza Euskal Etxeak beste urrats bat emango du aurten, bere egoera formalizatze aldera. Izan ere, euskal etxearen izaera juridikoa bideratuta daukate, tramiteak eginik, adierazi digute Euskel  Biotzatik.

Erakundearen egoeraz aparte, eginbehar berezi eta polit bat izango dute 2016 honetan Roldango euskal gizataldeko ordezkariek herriaren 150. urteurren jaian. “Maiatzaren bata da herriaren sorrera eguna eta komunitate osoa jai handi bat egiteko ari da prestatzen” azaldu dio Gabriela Menghi dantzariak EuskalKultura.com-i. “Ez dezagun ahaztu herria, batez ere Suitza, Italia eta Euskal Herriko etorkinek sortu zutela eta guk, euskal langile haien ondorengoek, zerbait berezi egin nahi izan dugu. Erakusketa oso bat ari gara prestatzen, argazki, bideo, kontakizun eta dantzekin, jendeak euskal ondarea ezagut dezan”.

Ospakizunen artean, hiriko kabalkada ere egingo da, eta bertan ikurrina eramango dute Euskel Biotza-ko kideek. Desfilea maiatzaren 8an izango da. Maiatzean ere, herriko Kolektibitateen Jaian hartuko dute parte Euskal Etxeko lagunek. Lan mordoa pilatu zaie aurten Roldango dantzariei eta, hori dela eta, helduak otsailaren 28an hasi ziren entseguekin, eta igandero elkartuko dira 5etatik 8etara. Txikiak, berriz, martxoan bueltatuko dira klasera.

Gizataldeen Jaia, Carcarañan

Bestalde, Kolektibitateen arduradunek gonbidaturik, Santa Fe probintziako Carcaraña herriko Gizataldeen jaian dantzatu zuen joan den abenduan Euskel Biotzako dantzari taldeak. Menghik azaldu digunez, “oso hunkigarria izan zen Carcarañako jaira bueltatzea, parte hartu genuen azken aldia duela 20 urte izan zen-eta, eta orain euskal etxea antolatuta bueltatu gara, eta dantzari txikien artean orduan dantzari zirenen seme-alabak zeuden. Polita eta hunkigarria izan zen”, adierazi du Menghik.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia