Ideia polita bezain originala bururatu zaie Santa Fe probintzia argentinarreko Roldango euskal etxeko kideei herriko jendeak beren sustraiak eta euskal gizataldearen lana ezagut ditzan. “Roldango Euskaldunak atez ate” programaren baitan euskal etxearen berri eman diote bere komunitateari Euskel Biotza-koek, hirurehunetik gora gutun bidaliz. Honekin batera, datorren igande honetan egingo duten San Inazio bazkarira gonbidatzen du euskal etxeak.
Roldan, Argentina. “Gure asmoa Roldanen bizi diren euskal ondorengo guztiengana iristea baino ez da izan” azaldu dio etxeko dantzari den Gabriela Menghik EuskalKultura.com-i. “Horretarako herriko erroldan begiratu genuen –bertan, telefono aurkibidean ez bezala, heldu guztien izen-abizenak agertzen baitira– eta euskal abizena daukaten pertsona guztiei gutun bana bidali diegu. Eskutitzean, abizen bakoitzaren esanahia, jatorria eta armarri heraldikoa jarri ditugu eta atez ate banatu ditugu”. Guztira, 127 abizen ikertu eta 323 gutun idatzi eta eskuratu zituzten roldandarrek. Lan handia, dudarik ez, baina emaitzak ere handiak izaten ari dira:
“Gutunetan gure telefono eta helbide elektronikoa ere jarri genituen, eta berehala hasi ziren erantzunak iristen. Eta oso pasadizo politak dauzkagu kontatzeko. Adibidez, eskertzeko deitu zigun emakume batek galdetu digu ea 65 urterekin, ‘jota’ dantzatzen ikasi ahal duen. Baietz, noski, eta helduen dantza taldean sartuko da”.
“Deirik hunkigarriena akaso jaso dugun azkena izan da. San Inazio jaira joateko txartelak erosi nahi zituen emakume batek deitu zigun. Berak ez zekien berea euskal abizena zenik eta jakin zuen guk egin dugun aktibitate honengatik. Hori oso garrantzitsua da guretzat”, adierazi digu pozez beteta Menghik.
San Inazio jaia eta bisitari euskaldunak
Iaz bezala, aurten ere ospatuko du Iñaki Deunaren eguna Roldango Euskel Biotza eukal etxeak. Bazkaria datorren igandean izango da, abuztuaren 2an, etxeko dantzariak partaide.
“280 bat lagun bilduko ditugu eta oso pozik gaude. Gainera dantza berriak ere ari gara prestatzen gure laguna den Ander Oiarbide dantzariarekin. Ander Errenteriakoa da eta familia du hemen, Roldanen. Horregatik azken egun hauetan bera eta bere arrebak laguntzen ari zaizkigu entseguetan”.
Hitzordua C.C.U.P klubean da, sarrerak $ 220 balio ditu (helduentzat) eta $120 (umeentzat) eta bazkalostean erromeria egongo da.