euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Roldango Euskal Etxeak “Euskaldunak atez ate” bisitatzen ditu, orain San Jeronimo Sud herrian

2016/09/09

“Roldango Euskaldunak atez ate” programa San Jeronimo Sud herrira iritsi zen
“Roldango Euskaldunak atez ate” programa San Jeronimo Sud herrira iritsi zen

PUBLIZITATEA

Roldanen bizi diren euskal ondorengo guztiengana pertsonalki iristea helburua duen programa hedatu nahi dute Euskel Biotzako kideek eta asmo horrekin eta Roldandik hamar bat kilometrora dagoen San Jeronimo Sudera eraman dute aurten. Ekintza erabat arrakastatsua izan da eta antolatzaileek ez dute baztertzen eskualdeko beste herri batzuetan zabaltzeko aukera. Berri honekin batera eta poz handiz San Inazio bazkarian 450 lagun bildu zituztela jakinarazi digute Euskel Biotzako arduradunek.

Roldán, Argentina. Santa Fe probintzia argentinarreko Roldan herriko Euskal Etxeko kideek ekimen polita abiarazi zuten iaz. “Roldango Euskaldunak atez ate” izenpean eta herriko jendeak beren sustraiak eta euskal gizataldearen lana ezagutarazte aldera, herriko errolda miatu eta euskal abizena zeukaten pertsona guztiei gutun bana bidali zieten. "Eskutitzean, abizen bakoitzaren esanahia, jatorria eta armarri heraldikoa jarri eta gero atez ate banatu genituen eskutitzak", azaldu digute Euskal Biotzatik.

Proposamenak emaitza ederrak ekarri zizkion erakundeari –jende asko hasi zen hurbiltzen Euskal Etxera– eta ondorioz, aurten berriro egitea erabaki zuten Euskel Biotzako gazteek, oraingoan Roldandik oso gertu dagoen San Jeronimo Sud herrian.

Proposamenaren bultzatzaile nagusietako bat den Gabriela Manghik EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “San Jeronimo Sudek hiru mila biztanle ditu eta iaz bezala, erroldatik atera genituen euskal abizeneko familien datuak. Guztira berrogeita hamaika euskal abizen aurkitu genituen, ehun eta hamar familiatan. Datuak bilduta, gutunak prestatu eta joan den urtean bezala atez ate banatu ditugu. Herritarren erantzuna paregabea izan da ulertzen baitute beren historia eta nortasunari buruzko informazioa helarazten ari gatzaizkiela”.

Arrakastak bultzaturik, Santa Fe probintziako eskualde honetako beste herri batzuetara iristea espero dute Roldango gazteek etorkizun hurbilean.

San Inazio jaia

Iragan abuztuan, Iñaki Deunaren Eguna ere ospatu dute Roldango euskal gizataldeko kideek, kasu honetan abuztuaren 7an. Meza, kalejira, omenaldiak eta San Inazio bazkaria izan ziren programako parte. Gabriela Menghik jakinarazi digunez, “450 bat lagun bildu genituen bazkarian eta horrek izugarrizko poza ematen digu. Pentsa ezazu 2013an 63 baino ez ginela elkartu. Bistan da euskal etxea haziz doala urtez urte. Badakigu oraindik lan handia egin behar dugula baina bide onean goazela uste dut”.

“Datozen hilabetetarako beste hainbat helburu ditugu. Irailean gure txikiak FEVAren Umeen Topaketara eraman ondoren, urrian, Armstrong hiriko Gizataldeen Jaian hartuko dugu parte eta azaroan, nola ez, Euskal Astean, Necochean. Urtero bezala abenduan Carcaraña hiriko Kolektibitateen Jaira joango gara eta urteari festa polit batekin emango diogu amaiera. Proiektu asko ditugu baina laguntzen gaituen jendea ere ez da gutxi. Eta horrek indar handia ematen digu”, adierazi digu etxeko dantzari ere baden Menghik.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia