euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Roldan herriko Euskel Biotza Euskal Etxeak eskualdeko enpresariak bilduko ditu buruzagientzako Tailer batean

2014/10/15

Roldango San Inazio festan herriko San Martin Plazan dantzatu zuten Euskel Biotza-ko dantzariek
Roldango San Inazio festan herriko San Martin Plazan dantzatu zuten Euskel Biotza-ko dantzariek

PUBLIZITATEA

Tailerra FEVAren kultur eskaintzaren barruan eskainiko da, Ricardo Basterraren ardurapean. Ekintza, jaio berria den euskal etxeak esku artean dituen proposamenetako bat baino ez da. Jarraian, La Platako Euskal Aste Nazionalera joateko eta euskal kirolei buruzko proiektu bat martxan jartzeko asmoa dauka instituzioak, beste zenbait xederen artean. Berri honekin batera, Iñaki Deunaren jaian berrehun bat lagun bildu zituela jakinarazi digute roldandarrek.

 

Roldan, Argentina. Rosariotik 25 kilometrora, Santa Fe probintzia argentinarreko Roldan hiriak bere euskal etxea du maiatzetik. Euskel Biotza izenarekin, zenbait ekimen ari da garatzen erakundea herri eta eskualdeari begira. Hori dela eta gonbite interesgarri bat luzatzen du instituzioak datorren ostiralerako, urriaren 17rako. Ricardo Basterrak enpresetako buruzagi eta talde liderrentzako Mintegi–Tailerra eskainiko du FEVAren kultur eskaintzaren baitan. Aktibitatea hiriko geltokiko erakusketa aretoan izango da, parte hartzea, doan.

San Inazio jai jendetsua

Euskel Biotza-ren egoera maiatzean formalizatu arren, urteak daramatzate Roldango euskaldunek euskal kulturaren alde lan egiten. Hori dela eta ez da harritzekoa 200tik gora lagun bildu izana San Inazio jaian. Ospakizuna joan den abuztuaren 3an izan zen, eta herriko San Martin Plazan hasi zen, bertan dagoen Gernikako Haritzaren kimuaren oinarrian utzitako lore eskaintza batekin. Azken urtean hil diren euskaldunen omenezko zeremonian, dantza egin zuten etxeko gazteek.

Horren ostean, bazkaltzera bildu ziren gonbidatuak eta bazkarian zehar etxeko dantza taldeen debuta ikusi ahal izan zuten. Bi talde aurkeztu ziren, txikiena, 1 eta 9 urte arteko neska-mutilek osatua, eta helduena, 35 eta 65 urte artekoek osatua. “Denbora gutxi daramagu dantza klaseekin baina asko hazi da proiektua”, adierazi dio Euskel Biotza-ko arduradunetako bat den Gabriela Menghi-k EuskalKultura.com-i. “Jaian, gainera, Arku Dantza dantzatu zuen 'oso talde berezi batek'. Talde horretan, aspalditik dantzari diren lau anaiak, haietako baten bi seme-alabek, eta amona batek bere ilobarekin dantzatu zuten. Oso une hunkigarria izan zen guztiontzat. Horretaz gain, publikoa animatu genuen dantza egitera, horrela ikusi solik ez, ikasi ere egin zuten gonbidatuek”, azaldu digu Menguik.

Baina publikoaren partaidetza ez zen dantzetara mugatu. Izan ere, bazkaria bukatzean Sokatiran aritzera ere gonbidatu zituzten antolatzaileek San Inazio ospatzera bildu ziren guztiak. “Asmoa da 2015ean martxan jarri nahi dugun proiektu bat bultzatzea. Gure helburua da datorren urtetik aurrera San Inazio jaian Herri Kirolen erakusketa sartzea, lehen egiten zen bezala”, (Jaiaren argazkiak hemen)

Euskal Aberria Argentinan liburuaren aurkezpena

Ospakizun arrakastatsu honetaz gain, abuztuaren 9an Magdalena Mignaburuk Euskal Aberria Argentinan bere liburua aurkeztu zuen Roldango erakusketa aretoan, Fernando Lizarbe eta Argentinako Manuel de Irujo Institutuko beste kide batzuk lagun. Aurkezpena bukatuta, galderak erantzun eta liburuaren aleak sinatu zituen Mignaburuk.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia