euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rol jokoak eta beste jarduerak FEVAk txikien euskara irakasleentzako antolatu dituen Pedagogi Jardunaldietan

2007/06/27

Marcela Miranda irakaslea taldeen lana gidatuz
Marcela Miranda irakaslea taldeen lana gidatuz

PUBLIZITATEA

Argentinako euskal etxeetako haurren euskara irakaskuntzan dabiltzan hainbat irakasle Laurak Baten bildu ziren joan den larunbat eta igandean, FEVAk antolatutako ikastaro espezialduan parte hartzeko. Marcela Miranda eta Yasy Sabbatini adituek eman zuten ikastaroa eta bigarren hizkuntza bat irakasten duten profesionalek jakin beharreko arloak landu zituzten, alderdi teoriko zein praktikoan. Datorren irailean Lavallolgo Euskal Echea Institutuan egingo den Txikien Topaketaren antolakuntza ere jorratu zen.
Laurak Bat Euskal Etxea izan zen iragan asteburuan euskara irakasleentzako ikastaroa egiteko aukeratutako egoitza. Honoko euskal etxeek erantzun zioten FEVAren gonbiteari, ordezkaritza bidaliz: Arrecifes, Chascomús, Chacabuco, Buenos Aires (Euskal Echea Institutua, Euskaltzaleak eta Laurak Bat), Gral. Rodríguez, Gral. Villegas, José C. Paz, La Plata, Magdalena, Paraná, Río Cuarto, San Nicolás eta Tres Arroyos, Argentinan, eta Uruguaiko Colonia.

Ikastaroaren arduradunak Bahia Blancako Salem English Institutuko bi irakasle izan ziren eta klaseetan alde teoriko zein praktikoak landu zituzten. Alde teorikoa, Yasy Sabbatinik eman zuen eta bertan elebitasuna, haur eta helduen ikasketa prozesuak eta ikuspuntu eta estrategia didaktikoak hartu zituen mintzagai.

Rol jokoak

Marcela Miranda irakasleak alderdi praktikoa landu zuen eta klase teorikoetan ikasitako estrategiak ereduekin azaldu zituen. Talde eta adin desberdinekin nola lan egin erakutsi zuen eta euskal etxe bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartzeko aholkua eman zuen. Bi irakasleen klaseek, eurek ingelesaren irakaskuntzan duten esperientzia izan zuten oinarri, baina ongi moldaturik euskararen irakaskuntzaren mundura. Klaseak 'dibertigarriak eta originalak' izan ziren eta Miranda eta Sabatinnik irakasleen parte hartzea bultzatu zuten rol joko eta klase ereduen sorkuntzaren bidez, bertan partaide izan ziren ikasleek BasqueHeritage.com-i adierazi diotenez.

[Goiko irudian Marcela Miranda irakasleekin rol jokoa egiten]

Igandean, ikastaroaren bigarren egunean, bildutakoek datorren irailaren lehenean Lavallolgo Euskal Echea Institutuan egingo den Txikien Topaketa prestatzen aritu ziren. Urtero ehundaka haur biltzen dituen ekitaldi honetara begira jokoak eta jarduerak prestatu eta antolakuntza arloko hainbat zalantza argitu zituzten.


Lotura interesgarriak

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

Euskal Echea Institutua, Lavallol
www.euskalechea.esc.edu.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia