Joseba Etxarri. Ez da erraza Aitor Arruti zarauztarrak hiriburu kataluniarra duela bederatzi bat hilabete utzi zuenean bertako Euskal Etxean laga zuen hutsunea betetzea. Bartzelonako Euskal Etxea elkarte bizi eta dinamikoa da, Euskal Herriko zein Kataluniako kulturari, abangoardiari eta egungotasunari neurria hartzen dion erakunde engaiatua eta hori kudeatu eta indartsu atxikitzea izan zen Arrutik bere ondokoari utzi zion erronka. Elkarteak lotura sendoak dauzka kokatzen den auzo eta inguruarekin eta egiten duen ekarpena bikoitza da, euskal zein kataluniar klabetan. Roger Sallasek 28 urte ditu eta apiriletik darama bertako koordinatzaile. Ongi egokitu zaio lanari, ez da batere kilildu eta buru belarri dabil urtean zehar 150 ekitalditik gora antolatzen dituen elkarte honetan, bere aurkezpen-agirian, astetan zehar luzatzen diren hiru jaialdi handi, ehundik gora euskara ikasle edota hainbat milaka persona antolatzen dituen ekitaldietan partaide erakuts ditzakeen Bartzelonako Euskal Etxean.
Topikoa da ala egia kimika berezia dagoela katalanen eta euskaldunen artean?
Nik baietz esango nuke, badagoela elkarrekiko ageriko interesa eta joera. Euskal Etxeak antolatzen dituen ekitaldietara datorren publikoa, bistan da, katalana da gehienbat eta usted dut katalanek enpatia sentitzen dugula euskaldunez eta euskaldunekin zerikusia daukaten gauzekiko. Euskaldunak anai-arrebatzat jotzen ditugu eta euren kultura ere hala sentitzen dugu, diferentea baina senidea eta usted dut hori sentimentu konpartitua dela.
Apiriletik daramazu Euskal Etxeko jardueren koordinatzaile.
Betidanik ibili izan naiz elkarteen munduan sartuta, auzo eta gizarte dinamiketan murgildua. Euskal Etxea sare sozialen bidez ezagutzen nuen. Orain urte batzuk bidaiatu ahal izan nuen Euskal Herrira eta hura ezagutu, truke batzuetan parte hartu Santurzirekin, Eskoriatzarekin… eta 20 edo 21 urterekin Badalonako arraun elkartean ibili nintzen, berau Hondarribikoaren senide izanik. 2012an Pirineoak alderik alde ibili nituen Maditerraneotik Kantauriraino 34 egunetan eta 2013ko irailean ibilbide horren argazkiak aurkeztu nituen Euskal Etxean. Nork pentsatu behar zuen orduan, hilabete batzuk geroago postura honetan sartu behar nuenik!
Zer eskaintzen die Euskal Etxeak bere inguru katalanari eta Euskaditik bisitari heltzen zaienei?
Bartzelonaren bihotzean –eta hortik Kataluniarenean-- kokatzen den euskal elkarte bat gara. Geure helburua euskal kultura garaikidearen erakuslehio izatea da eta horri dagokionez eskaintza luzatua diegu euskal talde eta artistei, eta sortzaileei banaka zein taldeka, erabil gaitzaten jendaurre katalanaren eta Medioterraneoaldeko publikoaren aurrean euren burua aurkezteko. 150 jardueratik gora gauzatzen ditugu urtean zehar, hainbat arlotan. Oihartzun handia daukaten eta astetan zehar luzatzen diren hiru jaialdiren antolatzaile gara urtero: musikan EH Sona, zineman Zinemaldia eta literaturan Literaldia eta Euskal Herrian ekoitzitako euskal emaitzak aurkeztu ohi ditugu urtero horietako bakoitzean…
Zuen jatetxeko pintxoak ere famatuak dira…
Barrara begiratua emate hutsarekin uler daiteke zergatik. Jatetxeak Placeta Montcadatik dauka sarrera eta Euskal Etxearen elkarte parteak Arc de San Vicenç-etik dauka sarrera berezitua. Beti dabil aktibo, jardueraren batekin: arlo diferenteak lantzen ditugu, urte sasoiaren arabera; txokoa egunero dago zabalik, igandetan ezezik; haurrentzako euskara hutsezko jarduerak bultzatzen ditugu guraso biak edo aita edo ama euskalduna daukaten haurrek euskaraz aritu, ongi pasa eta euskaraz sozializatzeko leku ludikoa izan dezaten; tailerrak dauzkagu, dantza, hitzaldiak…
Aktiboak zarete oso sare sozialetan…
Webgunea daukagu, baita jarduera bloga ere, Facebooken gaude, eta Twiterren, eta internet eta sare sozialak egunero erabiltzen ditugu ohiko tresna gisa.
Ze jarduerak darabilkizue oraintxe esku artean?
Urtarrilean, beste zenbait proposamenen artean, Euskal Herriko oroimen historiko zikloa itxi eta danborrada ospatuko dugu. Otsailean gure jaialdi behinena hasiko dugu, Zinemaldia, aurten bigarren urtez segidan saioak gure egoitzatik atera eta filmak Girona zine-aretoetara ekarrita. Apirilean Literaldiari ekingo diogu, eta aurten Korrika urtea denez lasterketaren geure bertsioa berreskuratuko dugu, Korrikursa, martxoaren 21ean.