euskal diaspora eta kultura
2011/10/13
PUBLIZITATEA
Rocklin, AEB. Iparreko Ibarra Euskal Etxea 2005an sortu zen, Kalifornia estatuko iparraldean euskal kultura eta nortasuna gordetzeko helburuarekin. Sorreraz geroztik elkarteak urtero egin du Besta Lincoln herriko McBean parkean. Aurtengo jaia iragan larunbatean izan zen, urriaren 8an, eta lagun asko bildu ziren bertara. Ospakizunak gazte eta helduentzako mus txapelketa batekin hasi ziren. Irabazleek diru saria eta plaka oroigarri bat eskuratu zuten.
Txapelketaren ostean 'tri-tip sandwich' delako ogitartekoez osaturiko askaria zerbitzatu zen eta bazkalostean dantza erakustaldia eskaini zuten San Frantziskoko Zazpiak Bat taldeak eta Iparreko Ibarrako dantzariek. Arratsaldean haurrentzako jokoak egin ziren eta afalorduan arkume eta oilasko errekiarekin indarrak berreskuratu zituzten bestalariek. Ondoren, dantzaldia izan zen, Jean Flesher eta Rene Caballeroren taldearekin.
[Rocklingo 7. urteroko Bestan afaltzen. Erdaian, zapi gorria lepoan, John Garamendi kongresukidea (argazkia Mike Uro)]
Rocklingo bestan izan zen ere John Garamendi euskal-amerikar politikaria, Kaliforniako 10. barrutiko ordezkaria Kongresuan. 2009an hautatu zuten Garamendi Estatu Batuetako Ordezkari Ganbara edo Kongresuko kide. Euskal jatorria du eta sarritan hartzen du parte San Frantziskoko Basque Cultural Center-eko ekitaldietan, bai eta Renoko Center for Basque Studies-eko jardunaldietan, Nevadan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus