euskal diaspora eta kultura
2011/04/08
PUBLIZITATEA
Rocklin, AEB. Rocklin-go 'Iparreko Ibarra' Euskal Etxeak bere gain hartu du 16-18 urteko gaztetxoentzako udaleku berezi bat antolatzearen ardura. NABOren ohiko Udaleku --10-15 urteko gaztetxoentzat-- San Frantziskon egingo da aurten. Baina urteroko kontua da adin hori gainditzen duten gaztetxoentzako ekintza proposamen falta. 'Iparreko Ibarra'tik etorri den proposamenak, bestelako saioaldi bat egin nahi du. Sukalde lanei buruzko Udalekua, beraz, ekainaren 18tik 25era izango da eta gaia gosegarria hautatu du zeharo: euskal gastronomia. Udalekuan izena ematen duten gaztetxoek euskal gastronomiaren sekretuak ikasi ahal izango dituzte eta praktikatu komunitate euskal-amerikarrak belaunaldiz belaunaldi gorde dituen errezetako batzuk, hala nola euskal pastela, artzain-ogia, txorizoa eta odolkia egiten ikasiko dute...
Udalekua Sacramento hiriburu kaliforniarretik ekialdera dagoen Foresthill-eko Community of the Great Commission kanpalekuan egingo da (30303 Chicken Hawk Road; Foresthill, CA 95631). Udalekuaren prezioa pertsonako 300 dolarrekoa da. Izena eman nahi duenak lehenbailehen egin beharko du, epea igande honetan, apirilaren 10ean itxiko da-eta (bete informazio eskari hau, mesedez)
Gastronomia eta natura
Antolatzaileek azaldu dutenez, udalekuak gastronomia eta beste jarduera batzuk uztartuko ditu. Arratsaldetan naturan ibili eta kirola egin ahal izango dute. Hainbat aukera eta jarduera egongo dira: igeriketa, mendi-txangoak, arrantza, jokoak eta herri kirolak (sokatira, harri jasotzea...). Gauean musean jokatu eta suaren inguruan kantuan aritu ahal izango dira neska-mutilak, giro ederrean.
Udaleku berezi honek hiru helburu nagusi ditu. Lehena, NABOren urteroko Udalekun elkar ezagutu zuten gazteei berriz ere biltzeko aukera ematea. Bigarrena, han ikasitakoa lantzen jarraitzea (euskara, kantuak, jolasak eta ohiturak). Eta azkenik, belaunaldi berriei euskal tradizioen bestelako arlo batean murgiltzeko aukera ematea, gastronomian alegia.
-Udalekuari buruzko informazio gehiago, afitxa honetan
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus