Viedma, Argentina. Urtean zehar hainbat ekitaldi egin dira Jose Antonio Agirre buru izan zuen lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrena ospatzeko. Diasporako lagunok modu berezian hunkituko gaituenetako bat ‘Orain 80 urte’ dokumentala izango da seguruenik, bi arrazoi medio: filma euskal diasporaren ikuspuntutik dagoelako eginda, batetik; eta bestetik, dokumentaleko narratzaile eta aurkezlea diaspora euskal argentinarreko erreferente den Rocio Basterra delako. Rocio duela 36 urte jaio zen Rio Negro probintziako Viedma hirian, eta HABEk eta FEVAk kudeatzen duten Euskara Munduan programaren bidez trebatu zen irakasle. Euskara eta euskal kultura irakasten ditu Viedma-Patagoneseko Euskal Etxean baina baita eskualdeko beste euskal etxe batzuetan ere. Dantzaria ere bada eta nazioarteko pilota txapelketa askotan frontoiratu izan da Argentinako pilota selekzioko kide.
Bere jardunbide luzea ikusita, ez da zaila asmatzea zergatik aukeratu zuen Oier Plaza zuzendariak ‘Orain 80 urte’ aurkezteko. Dokumentala estreinatuko den honetan, EuskalKultura.com-ek aukera izan du Rociorekin mintzatu eta bere iruzkin eta iritzi batzuk konpartitzeko eskarmentuari buruz.
“Dokumentala, funtsean, urteurrena gogoan Eusko Jaurlaritzari eginiko omenaldi txiki bat da, Diasporaren ikuspuntutik, mundura, erreparatuz 80 urte hauetan sortutako erakundeak eta nola iraun duten gaurdaino. Garrantzi eta izen handiko euskaldun ugari elkarrizketatu ditut, eta bakoitzarengandik asko ikasi dut. Leku askotan ibili gara, izan ere dokumentala Viedma-Patagones eskualdean hasten da eta Euskal Herrian jarraitzen du Bilbon, Ondarroan, Donostian, Gasteizen, Kasedan... tokietako batzuk aipatzeagatik. Jaurlaritzak eskatutako lan instituzionala da, Filmak.tv ekoiztetxe gernikarra tarteko eta Oier Plaza zuzendari. Oso lan serioa izan da, profesionala. Neure partetik, neure onena eman dut egoerak eskatzen zuen mailan egoteko eta lortu izana espero dut”, adierazi digu Rocio Basterrak ‘Orain 80 urte’ dokumentalarekiko lehen hurrerapena eskatu diogunean.
-Nola jakin zuen produktoreak zuri buruz?
Oporretan nengoen Euskal Herrian eta Berria egunkarian elkarrizketa bat egin zidaten. Hori irakurrita Oier Plazak deitu zidan proiektuaz mintzatzeko eta ondoren elkarrizketa batzuk egin zizkidan nire profila hobeto ezagutzeko.
Nolako esperientzia izan da zuretzat?
Izugarria, bakarra bizitzan… Euskal Gobernuak eta euskaldunek egindako ‘inperioa’ irudikatzea nire begi apaletatik, konpromiso handia izan da niretzat. Gainera bazegoen beste hari bat: ni neu Nafarroatik etorritako etorkinen ondorengoa izanik, dokumentalak islatzen duenak nire familia ere harrapatzen du, gu ere hor gaude. Eta hori ere harro egoteko zerbait da eta horri ere egin behar nion omenaldi bat. Pasadizo asko ditut. Bost aste pasatu genituen grabazioa egiten –aurtengo ekaina eta uztaileko lehenengo astea– eta emozioak jota momentu askotan zetorkidan negargura, baina eutsi behar… lanean ari nintzen baina nire aitona-amona Modesto eta Angelica etortzen zitzaizkidan burura etengabe, eta amonak bereziki pasatu zidan amodioa euskal kulturarekiko.
Elkarrizketatu nituen pertsona guztiek, den-denek, asko zuten kontatzeko. Ekarpen handia egindakoak ziren euren arloetan, benetako adituak, eta azpimarratu nahiko nuke primeran hartu nindutela beti… kazetari ez izanik asko lagundu didate elkarrizketa onak egiteko. Eroso sentiarazita, eta asko gozatu dut horrela elkarrizketa bakoitza. Pasadizo bat kontatuko dizut: Kirmen Uriberi egindako elkarrizketa azkenetako bat izan zen eta ni oso hunkituta nengoen, emozioak jota; beraz, kostatzen zitzaidan euskaraz egitea eta trabatu egiten nintzen. Baina bai Kirmenek bai produktoreak ulertu zuten egoera eta laguntasuna besterik ez nuen izan.
Beste pasadizo polit bat datorkit, Arantzazu Amezaga idazlearen etxean. Bera Argentinan jaio zen eta Uruguain bizi izan zen hainbat urtetan. Beraz, elkartu ginenean matea (Argentinako produktu eta ohitura tipikoena) prestatu zuen baina berak edaten zuena gauza ezberdin bat zen…ez zuen prestatu guk prestatzen dugun moduan. Hala ere, ikaragarri gustura egon nintzen berarekin… eta ezer aipatu gabe edan nuen.
Zer utzi dizu dokumentalak?
Baldintzarik txarrenetan egon arren duintasunez bizi ahal dela. Konbikzioa baduzu ez dagoela ezinezkorik …eta maitasuna, emozioak direla mundua bultzatzen dutena. Horixe esan zuen Guillermo Dorronsorok teknologiaz ari zela, Kirmen Uriberen hitzak aipatuz.
Telebista munduan, 2012an beste esperientzia bat izan nuen ETBn, ‘Yes We Jai’ izeneko saioan, eta primeran pasatu nuen. Ni neu izateko aukera izan nuen, nire izaera, akats eta gauza txar eta onekin. Oraingo honetan, lan instituzionala izatean, Gobernuak eskatutako lana, marko batean sartu behar izan dut eta nire burua agokitu eurak behar zuten papera betetzeko. Eta lehen esan dudan bezala, arbaso euskaldunak ditudanez, lotuta dago dokumentala nire familiaren historiarekin eta horrek, zalantzarik gabe, eragin handia izan du lan egiterakoan.
Estreinaldia
Gaur bertan proiektatuko da lehen aldiz ‘Orain 80 urte’ dokumentala, Gasteizko Principal Antzokian. Ekitaldia iluntzeko 7:30etan hasiko da (15:30etan Argentinan) eta Kepa Junkeraren kontzertu batekin bukatuta. Rociok Argentinatik ikusiko du, bere Euskal Etxean, Viedma eta Patagonesko Aberri Etxea Euskal Etxeko kide eta ikasleekin, eta nola ez, bere familiarekin. “Euskal Etxean elkartuko gara, gure arteko giroan ikusteko: ‘pochoclo’ (arto krispetak) jaten eta matea ehartzen. Horrela errazagoa egingo zait pantailan dagoena ni naizela sinestea”. Ekitaldia eta dokumentala on line ikusteko, klik hemen.