euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Roberto Guerenabarrena, New Englandeko EEko lehendakari ohia: “Kanpokoei azaldu behar deutsegu euskara”

2014/09/26

Roberto Guerenabarrena (Argazkia: New England Basque Club)
Roberto Guerenabarrena (Argazkia: New England Basque Club)

PUBLIZITATEA

Albiste garrantzitsua zekarren New England-eko (AEB) Euskal Etxeko azken buletinak: Roberto Guerenabarrenaren ordez Sergio Sotelo izango da, hemendik aurrera, lehendakaria. Kluba 2004an sortu zutenetik izan da presidente pilotari erretiratua baina, Euskalkultura.com-i esan dion legez, “bada ordua jende berria lanean hasteko”.

Ander Egiluz Beramendi/AEB. Hamazortzi urterekin bihurtu zen zesta-punta jokalari profesional Guerenabarrena, 1984. urtean. Eta frontoietan hamabost urte eman eta gero, 1999an erretiratzea erabaki zuen. Ordutik irakasle lanetan dabil, gaztelania eta erdal literatura irakasten, Portsmouth-eko (New England, AEB) Portsmouth Abbey School ikastetxean.

-Garai berriak datoz, Euskal Etxeko lekukotza atzetik datozenei eman berri diozu.

-Pozik nago Sergio (Sotelo) izango dalako presidentea eta Naiara Azpiri izango dalako presidente ordea. Bultzada txiki barria behar eban Euskal Etxeak. Hasieratik gauz gu, betiko bardinak, gitxi batzuk ginan eta denboragaz ikasi dogu zer egin eta zer egin ez, gauzak zelan prestatu eta abar. Baina bada ordua beste jende barri bat lanean hasteko.

-Bazkide bezala biziko duzu Euskal Etxea orain, orduan.

-Bai eta ez, zuzendaritza batzordean jarraituko dodalako, baina beste gauza batzuk egiten.

-Euskal Etxea sortu zenetik eman den aldaketarik nabariena, seguru asko, Rhode Island-eko kluba izatetik New England-eko kluba izatera pasatzea izan zen. Ba al dago zuk nabarmenduko zenukeen beste gertakaririk?

-Lagun artea izatetik Euskal Etxe ofiziala izatera pasa ginanean. Portugaldar eta eskoziar eta leku askotako jende asko dago hemen eta pentsatu genduan inportantea zala hemen egon garan denbora, 30 urte hauek preserbatu behar doguzala gure umeentzat. Ez genduan bakarrik zelebratu gura, hori amaitu egiten dalako, gura genduan preserbatu eta zabaldu. Hori zan genduan misio garbia eta horretarako sortu genduan kluba. Eta hori pausu inportantea izan zan.

-Ameriketako Euskal Etxe bakoitzak badauka bere izaera propioa, zer gustatzen zaie egitea New England-eko euskaldunei?

-Herriko jendea gara gehienak, ez hirikoa. Baserrietatik etorri gara asko eta herri kirolak gustatzen jakuz. Orain arte pilota kontuekaz ibili gara baina orain ja ezin da…

-Ameriketako alde horretan garrantzia handia izan du zesta-puntak. Aspaldiko kontua ematen du baina, ba al dago horrekiko interesik egungo gazteen artean?

-Gaur egun ez. Lehen lau frontoi egozan New England-en, baina orain ez dago bat be.

-Eta etorkizunera begira, pentsatu al duzue inoiz zeuok bat eraikitzea?

-Hori ezin lei, oso garestia da. Zesta-puntako frontoia oso luzea da.

-Gorka Ochoa izango da aurten euskara irakaslea, Boston-en. Badirudi euskara eskola egonkortu bat izaten hasiko zaretela, nolabait esateko. Zein da euskararen egoera New England-en?

-Euskara da ilusio handien egiten deustan gauzetako bat eta oso pozik nago Gorka klaseak ematen hasiko dalako. Hemen euskara egiten dogu, baina etxean eta etxeko euskara eta zabaldu da egin behar doguna. Hemen preach to the choir esaten da ingelesez, badakizu? (Preach to the choir edo Koruari otoitz egin: Norbere jarraitzaileei baino ez hitz egitea; ideia batekin ados daudenekin baino ez eztabaidatzea ideia bat). Baina hori ez da egin behar doguna, egin behar doguna da kanpokoei be erakutsi. Eta hemen anbiente akademikoa dago eta askok txineraz ikasten dabe edo horren inguruan irakurri baina euskara be hor dago. Lehen Portsmouth-en baegoan euskara klasea baina orain Bostonen hobeto egongo da eta betiko edukiko doguz klaseak. Orain desafioa da gazteak erakartzea.

-Belaunaldi berrietaranzko lehen pausua eman duzue jada, presidente aldaketarekin. Ba al duzu Sergio eta Naiararentzat aholkurik?

-Aholkurik ez, oso pozik nago eurak egongo diralako bertan. Energia asko daukie biek eta Sergio azken urte osoan egon da nigaz preparatzen, gauzak zelan egiten dodazan ikusten. Esperientzia dauka gainera, hiru urte inguru daroazalako juntan. Gainera konpromiso handiko pertsona da, zeozer esaten badau egin egiten dau, eta ideia asko daukaz. Asko gustatzen jata niri Sergio presidente moduan.



Komentarioak

  • Guztion ahalegina

    Guztion ahalegina behar da, pozgarria da ikustea lekukoa hartzen duenik badagoela eta katea ez dela eteten, eskerrik asko Roberto Guerenabarrenari eta txanda hartu dioten Sergio eta Naiarari, segitu nahi dugu zuen berri irakurtzen

    Jon Arrieta, 2014/09/28 14:11

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia