euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Roberto Awa Nari, amazoniarra eta euskaldunberria: "Kukama hizkuntza eta euskara oso antzekoak dira"

2013/02/27

Beltzez, Roberto Awa Nari, iaz sorterrira egin zuen bidaia batean
Beltzez, Roberto Awa Nari, iaz sorterrira egin zuen bidaia batean

PUBLIZITATEA

Peruko Amazoniako Kukama herriko kidea da Roberto Awa Nari eta orain sei urte heldu zen Euskal Herrira, pelikula batean parte hartzeko. Eltze askotako burruntzalia da Roberto: musikari, aktore, irakasle, artisau, argazkilari... Guk egin berri dugun argazki lehiaketara bidali zituen lanen bitartez ezagutu genuen eta bizkaieraz egiten duen amazoniar honen istorioak biziki harritu gaitu. Perun ikasi omen zituen lehen hitzak euskaraz, apaiz batek oparitu zion kasete bateko abestia fonetikoki ikasita: "uh uh uh colore bisia, arrasá ke riaren contra..." kantatzen ei zuen.

Bego Miñaur. Roberto Awa Nari Peruko Amazonian dagoen San Pedro de Tipishka herrixkan jaio da, Kukama herriaren baitan. "Kukamarrek kukameraz hitz egiten dugu, tupi guarani familia linguistikoaren adar bat", azaldu dio Robertok -euskaraz, noski- EuskalKultura.com-i. "Ez dakit zenbat garen, ze, esaten da kukamak desagertzen ari direla. Jendeari lotsa ematen dio kukameraz hitz egitea, bakarrik erabiltzen da txantxa egiteko, etxean senideen artean edo mozkortuta daudenean. Peruko eskola publikoak eragina izan zuen gure hizkuntzaren galera honetan. Penagarria da".

Orain dela sei urte Euskal Herrira etorri eta bertan gelditzea erabaki zuen. Basaurin, zehazki. Ez hori bakarrik: euskaldunen artean erabat integratzeko asmoz, euskara ikastea ere erabaki zuen. "Baina langabezian nengoen eta AEKko lagun irakasle batek euskara ikastera doan gonbidatu ninduen. Detaille hori oso garrantzitsua da niretzako. Euskarak eman zidan munduan leku bat".

Oihaneko jendea

Harrigarria bada ere, Robertok euskara eta kukama oso antzekoak direla dio. "Adibidez, Peruarrek gutaz burla egiten dute, erderaz esaldiak aldrebez esaten ditugulako: “de la selva su gente” edo “de Juan su camisa”. Itzulpen hori zuzenean dator kukamatik, horregatik esaten dut kukama eta euskara antzekoak direla: “ritama awakana”=“oihaneko jendea”, “juan chiru”=” Jonen alkandora”, adibidez".

Roberto Awa Nari Kukama

[Kukama handia, Marañon ibaian (argazkia RAN)]

Amazonian, antza, euskal kutsua duten hitzak ere badira, aspaldi handik ibilitako euskaldunen arrastoak, agian: "Peruko oihanean, sarri entzun daitezken hitzak dira “zuri” (zizare zuri bat), “motelo” (dordoka mota bat), “txalupa” (kanoa) edo “xiringa”... baina hori beste istorio bat da". 

Apaiz antiinperialista

Anekdotaz jositako kontakizunean, Robertok lehen euskal hitzak Perun bertan ikasi zituela azaldu digu. Kale antzerki eta punk musika egiten zuen talde batean zebilela, apaiz batek oparitu egin zizkien makina bat aldizkari, liburu eta kasete bat.

"Kasetearen azalean “música antiimperialista” jartzen zuen: abesti batzuk erderaz, errusiar himnoak, arabieraz be, eta abesti bat hizkuntz ezezagun batean. “Si es antiimperialista, estará bien”, esan zuen taldeko batek eta fonetikoki ikasi eta kantatzen gendun: ”uh uh uh colore bisía, arrasá ke riaren contra... uh uh uh colore gustía shenofó biaren contra...!", gogoratu du. Negu Gorriak-en zalea zen apaiza, nonbait.

Roberto Awa Nari EH

[Mendian ibiltzea atsegin du Robertok (argazkia RAN)]

Aktore eta musikari

Robertok euskararen aldeko ekitaldietan parte hartzen du eta batzuetan hitzaldiak ematera gonbidatzen dute, bere esperientzia besteentzako lagungarri izan daitekeelakoan, nahiz eta berak ez duen inoren eredu izan nahi. Eskola batean eman zuen hitzaldi baten ondoren haurrei eskulanak erakusteko deitu zioten, eta hiru urte daramatza irakasle. Ipuin kontaketak ere egiten ditu, eta Euskal Herrira ekarri zuen afizioari jarraiki, tarteka aktore lana egiten du ("Sukalde kontuak", "Dragoi ehiztaria"... dira bere lanetako batzuk).

Sukalde kontuak

[Eskubian, Roberto Awa Nari "Sukalde kontuak" filmaren afitxean]

Horrez gain, Robertok Dangiliske taldean kitarra jotzen du eta Euskal Herrian eta atzerrian ibili da kontzertuak ematen: Alemania, Grezia, Katalunia, Mallorca, Bretainia... Euskaraz egiteak lagundu egin diola onartu du. "Jendea ireki egiten da euskeraz egiten dudanean, hori askotan gertatzen zait. Kuriositatea pizten diet eta hurbiltzen dira.. eta bla, bla, bla herriko bat bihurtzen naiz, bueno hori sentitzen dut nik".

Euskarak Euskal Herrria ulertzen lagundu diola dio, eta oso gertuko sentitzen ditu euskara eta kukama. "Herri bat barru-barrutik, bere sustraitik, bere amalurretik, bere hizkuntzatik ikusten baduzu, den-denak hartzen du zentzua eta ez dago mugarik. Kukameen hizkuntza eta euskara indigenak dira, biak". 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia