Western Literature Association elkartea urteroko 50. mintegia egiten ari da egunotan Renon, eta euskal gaiei leku berezia ari da eskaintzen. Hasteko, elkarteak bere Distinguished Achievement Award saria (hilondokoa) emango dio Robert Laxalt idazleari. Horrez gain, euskaldunei eskainitako bi saio egingo dira gaur: "Robert Laxalt: Regional and Transnational Contexts" izenekoa eta "Basque Voices in the American West" delakoa. Amaitzeko, larunbatean CBSko Iker Saituak "'Basque Bascos' to 'White Subjects'" hitzaldia emango du.
Reno, AEB. NABOren Astero berri buletin digitalak aditzera eman duenez, Western Literature Association elkartea bere urteroko mintegia egiten ari da Renon. Aurten elkarteak bere Distinguished Achievement Award saria emango dio Robert Laxalt idazleari. Laxaltek Oesteko artzain eta emigrante euskaldunen bizimodua jaso zuen bere lanetan, eta "Sweet promised land" eta "Basque hotel" liburuak idatzi zituen, besteak beste.
Bestalde, gaur bertan euskal gaiei eskainitako bi saio egingo dira mintegian. Batetik, Robert Laxalt: Regional and Transnational Contexts atalean euskaldunei buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte David Riok (UPV/EHU), Gretchen Skivington-ek (Great Basin College, Elko, NV) eta Monika Madinabeitiak (Mondragon Unibertsitatea).
Ondoren, Basque Voices in the American West atalean idazle euskal-amerikarrak izango dira hizlari: Martin Etchart (Phoenix College), Gregory Martin (University of New Mexico) eta Monique Laxalt (Reno, NV), zehazki.
Amaitzeko, larunbatean hitzaldia emango du Center for Basque Studies-eko Iker Saituak. Hitzaldiaren izenburua "'Basque Bascos' to 'White Subjects': Basque Sheepherders and Racial Narratives in the American West" da, eta Crossing Borders: Engaging in the Borderlands of Race and Identity ataleren parte da.
Mintegiaren egitarau osoa hemen edo hemen.