euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Robert Grenier arkeologoa Kanadako euskal ontzi hondoratuez solastu zen Quebec-eko Euskal Etxean

2012/11/05

Robert Grenier arkeologoak euskal ontzi hondoratuei buruzko solasaldi interesgarria eskaini zuen Montrealen (argazkia QuebecEE)
Robert Grenier arkeologoak euskal ontzi hondoratuei buruzko solasaldi interesgarria eskaini zuen Montrealen (argazkia QuebecEE)

PUBLIZITATEA

Quebeceko Euskaldunak elkarteak konferentzia gaua egin zuen iragan urriaren 25ean eta arkeologia eta Ipar Amerikako kostaldeko euskal baleazaleen aztarna historikoak izan ziren hitzorduko ardatza. Gauari hasiera emateko, euskal etxeak "Apaizac Obeto" dokumentala eskaini zuen. Dokumental honek Labrador kostaldean XVI. mendeko baleazaleen bideak errepikatuz 2006an bidaia egiten zuten euskaldun talde baten abentura jasotzen du. Ondoren Robert Grenier ur-azpiko arkeologoak hitzaldia eman zuen Kanadako kostaldean dauden euskal txalupa hondoratuei buruz.

Montreal, Québec. Jakinmin handia piztu zuen iragan urriaren 25ean Robert Grenier arkeologoaren hitzaldiak eta elkarteko kideak gogotsu bildu ziren Euskaldunak-eko egoitzara. Elkarteak euskal baleazaleek Ipar Ameriketako kostaldean utzi zuten aztarna aukeratu zuen eguneko ardatz gisa. Gaia puri-purian dago Euskaldunak-eko bazkideen artean; izan ere, datorren ekainean Indianoak 2013 izeneko espedizioan parte hartuko du euskal etxeak. Lapurdiko Ibaialdi elkarteak sustatzen duen abenturan euskal arraunlari talde batek Kanadako Saint Laurent ibaian gaindi bidaia egingo du, aspaldiko baleazaleen ildoari jarraituz.

Euskaldunak-en gaualdia "Apaizac Obeto" dokumentalaren emanaldiarekin hasi zen. Dokumentala 2006ean grabatu zen, euskal arraunlari talde batek Labrador kostaldean egin zuen bidaian. Espedizioak XVI. mendeko euskal baleazaleen txalupen erreplika bat erabili zuen eta Quebec eta Labradorreko kostaldean barrena 2.000 kilometro egin zituen 41 egunetan. Dokumentaleko irudi ikusgarriek euskal etxeko kideak liluratu egin zituzten emanaldian.

Euskal ontzien arrastoak

Ondotik, hitzaldia eman zuen Robert Grenier arkeologoak. Grenier ur-azpiko arkeologian aditua da eta 1978an euskal ontzi hondoratu bat aurkitu zuen Red Bay badian. Ontzia euskaldunek XVI mendean bale arrantzan erabilitakoa zen. Grenierrek bale arrantzaren historiari buruzko xehetasun ugari azaldu zituen eta hitzaldia oso interesgarria izan zen, elkarteko presidente Adelaide Daraspek Euskalkultura.com-i azaldu dionez.

Quebec Robert Grenier 2012

[Elkarteko presidenteorde Ernest Behaxateguy (beltzez) Robert Grenier arkeologoa agurtzen (argazkia QuebecEE)]

Ekitaldian Montrealeko Udaleko ordezkari bat ere izan zen. Hitzaldiaren ostean, euskal etxeko kideek eta bisitariek euskal jaki dastaketa egin zuten.

-Indianoak proiektuaz informazio gehiago www.indianoak.fr webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia