El Cóndor, Argentina. Rio Negro probintziako El Condor herriko Kultur Etxeak eta Herri Liburutegiak hogei urte bete dituzte eta, hori ospatzeko, Viedma, Carmen de Patagones eta Eragin eremuko Aberri Etxea gonbidatu zuten “Guernica” muralari buruzko hitzaldia ematera. Gogora dezagun iazko abuztuan, Rio Negroko Euskal Etxeak hala eskatuta, Viedmako ibai Ertzeko pasealeku edo costaneran, mural bat eraiki zutela, Picassoren Guernicaren bertsio bat. Orain, joan den ostiralean, ekainaren 28an, hitzaldia eskaini zuen Aberri Etxeko Kultura Saileko arduradun Ruben Suarezek "Zer ikusten dugu ikusten dugunean? Guernica solaskide dugula" izenburupean. Aberri Etxeak kostaldeko herri horretan sekula egidako lehen ekitaldia izan da.
Solasaldian, Rubén Suárez irakasleak, Picassok bere obra ospetsua egin zuen testuinguru historikoa aipatu zuen, eta 1937tik 1981era, New Yorketik Madrilera oraingoz behin-betikoa dirudien aldaketa izan zuenean egindako ibilbidea laburbildu zuen. Beste hainbat gai ere aipatu zituen, obraren hala nola hasierako esanahia eta gerora bereganatu zituenak, euskal eskabideak, eta 80ko hamarkadako “Guernica Gernikara” mugimendua, hainbat artistaren bitartez Irakeko Gerran, Siriakoan-eta bere irudia lagun egin ziren aldarrikapenak... Azkenik, bertako artistek Viedmako Guernica muralean egindako interbentzioez ere aritu zen.
Viedman egindako "Guernica" ren bertsioaren aurrealdea
Ekitaldian Neuquengo “Baskos de la Confluencia” Euskal Etxeko kide Pedro Arana Urionabarrenetxeak eta Jasone Agirre Garitaonandia kazetari eta euskal legebiltzarkide ohi durangarrak ekarpena egin zuten bideoen bidez. Aranaren ama 1937ko martxoaren 31n Durangoko bonbardaketako lekuko izan zen. Jasone Agirrek memoria-politikei buruzko hausnarketa partekatu zuen, aipatuz margolan ospetsuaren garrantzia, eta obra, sarraskia pairatu zuen herrian bertan egoteak duen garratzia.
Viedman egindako "Guernica" -ren bertsioaren atzealdea
Picassoren Guernica-ren Viedmako bertsioak jatorrizkoaren neurri berak ditu, eta bi obra margotuk osatzen dute, aurrealdean eta atzealdean: Picassorenaren bertsioa du aurrealdean, eta atzealdera Argentinako, Latinoamerikako eta munduko beste zenbait lekutako historia hurbileko irudiak bildu ditu, artista egileak Juan Marchesi maisua eta Carmen de Patagoneseko Arte Eskolako irakasle talde bat izan dituela.