euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rio IV eta Gral. Rocarako bisitekin, Mercosur-eko euskal etxeetarako bira bukatu du Elvira Kortajarenak

2011/10/26

Elvira Kortajarena Rio Cuartoko Gure Ametza (sic) euskal etxeko argentinarreko kideekin
Elvira Kortajarena Rio Cuartoko Gure Ametza (sic) euskal etxeko argentinarreko kideekin

PUBLIZITATEA

Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkaritza bere gain hartu zuenean, Hego Amerikako lurralde hauetan zeuden euskal etxe guztiak banan-bana bisitatuko zituela agindu zuen Elvira Kortajarenak. Eusko Jaurlaritza eta euskal etxeen arteko harremanak sendotzeko helburuz finkatutako asmo hori ez da erraza izan baina milaka kilometro egin ondoren, Lakuako Gobernuaren ordezkariak bere bisiten egitaraua bukatu zuen urriaren lehenengo astean. Argentinako Rio Cuartoko Gure Ametza eta Gral. Rocako Gure Etxea izan ziren bi urte pasexe hartu dituen biraren azkeneko bi bisitak.

Rio Cuarto, Argentina. Urriaren 4an egin diote harrera dute Cordoba probintziako Rio Cuarto hiriko euskaldunek Elvira Kortajarenari. Gure Ametza euskal etxeko egoitza bisitatu ondoren EPET Ambrosio Olmos eskolara hurbildu zen Kortajarena -- gogora dezagun eskola honek 2003. urtean Eusko Jaurlaritzak dohaintzan emandako lan tresnak jaso zituela--. Rio Cuartoko bisitan Juan Jure bertoko alkate eta Marisa Arias probintziako gobernuaren ordezkariarekin elkartu zen mandatari europarra. Rio Cuartoko egonaldian, Euskal Herria plaza ezagutu eta euskal etxeko kideekin bazkaltzeko aukera ere izan zuen Elvira Kortajarenak.

Elvira Kortajarena Rio Cuarton 2011 01

[Elvira Kortajarenak EPET Ambrosio Olmos eskola eta Euskal Herria enparantza bisitatu zuen (argazkiaEE)]

Duela bi urte hasitako bidaia luzearen amaiera Rio Negro probintziako Gral. Roca herria izan zen. Bertan, ongi etorria eman zioten Gure Etxea-ko arduradunek Kortajarenari eta Udaletxeak 'Herritar Txit Argi' izandatu zuen. Gral. Rocara egindako bisitan, Patagoniako Arte Unibertsitate-Institutua ezagutu zuen Kortajarenak eta atseginez eta gustura azaldu zen Dantza Institutuko ikasgaietan euskal dantzak irakasten direla jakitean. Hegoalde argentinarreko herri honetan ere bazkaria partekatu zuen ordezkariak euskal etxeko kideekin.

Elvira Kortajarena Gral Rocan 2011 02

[Euskadiko Ordezkaria eta Gure Etxea-ko lehendakari Emma Trapagak opariak eman zizkioten elkarri Gral. Rocan eginiko bazkarian (argazkiak Irekia)]

70 mila kilometroren balantzea

“Bisita hauek guztiak baliogarriak izan dira oso harremanak sortu eta indartzeko. Hartu-eman horiek euskal etxeen eta Patxi Lopez buru duen gobernuaren arteko engaiamenduan eta errespetuan oinarritzen dira. Bide batez, gure jarrera irekia eta demokratikoaren isla ere badira", azaldu du Elvira Kortajarenak balantze gisa.

“Ahalegin handia izan da baina bere onurak ekarri ditu doaike”, adierazi du ordezkariak. “Sekula santan bisitaririk jaso gabeko euskal etxeak, euskal etxe handiekin, orain ehun urtekoekin edo historikoak direnekin berdintasunean bisitatu ditugu. Bi urteko bira honekin Eusko Jaurlaritzaren presentzia instituzionala handitu egin da hainbat lekutan, batez ere Buenos Airesetik urrun dauden euskal etxeei dagokienez".

“Euskal etxeak dauden lekuetara bertaratzeak Euskadiren errealitatea hobeto zabaltzeko ere balio izan du, eta besteak beste gobernu honi buruzko zurrumurruak eta asmo gaiztoko esamesak uxatzeko” azpimarratu du Mercosur-erako ordezkariak, bereak eginez Lopez Lehendakariaren hitzak: “Euskaditik kanpo dauden euskal gizataldeak bizirik dagoen zerbait dira. Zaindu eta bultzatu egin behar ditugu, euskaldunen eta herri horietako bakoitzeko jende eta kulturekiko elkargune baitira”.

Ordezkaritzatik egiten duten balantzearekin bukatzeko, Kortajarena buru duen bulegotik adierazi dute bisitatutako herri eta euskal etxe guztietan jarrera ezin hobea jaso dutela eta euskal etxe bakoitzeraino hurbiltzean, egiaztatu eta bertataik bertara ikusi ahal izan dutela Eusko Jaurlaritzak urtero ematen dituen diru-laguntzak nola bideratu diren eta zenbaterainoko eragina duen elkarte bakoitzean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia