Rio Grande, Brasil. Rio Grande do Suleko Euskal Etxeko kideak pozarren dabiltza, elkarteak Acampamento Farroupilha 2015 kultur topaketan izan zuen arrakasta dela eta. Topaketa hau Rio Grandeko kultur ekitaldi nagusienetakoa da ia milioi bat bisitari izan ohi ditu (20 eguneko iraupena du).
Bilkura honek Farroupilha Iraultza du gogoan. 1835 eta 1845 bitartean gertatu zen iraultza, estatuko biztanleak --gauchoak-- kexu zirelako zerga altuengatik.
Bazkari euskal-brasildarra
Euskal partehartzearen egun handia irailaren 13a izan zen eta bertan ibili ziren elkarteko kide asko, lanean jo eta su baina giroaz gozatzen. Euskaldunek atentzioa deitu zuten euren txapelekin eta gauchoen arropa tradizionalak euskal elementuekin nahastu zituzten.
Antolatzaileek (Instituto Gaúcho de Tradição e Folclore) euren standa utzi zieten euskaldunei eta han, Bazkaria jatetxeko Haritz Aranburu sukaldariaren gidaritzapean, euskal jaki goxoak zerbitzatu zituzten. Menua honakoa izan zen: "carreteiro de cordeiro", (euskal eta brasildar fusioa), bertako ardoak eta postrerako Gateau Basque edo bizkotxa.
Euskal Etxea, burubelarri
Eguna biribiltzeko musikari gauchoek kantu tradizionalak abestu zituzten, euskaldunen laguntzarekin. Han ibili ziren kantuan Jose Manuel Liceaga Argentinako euskalduna, Luiz Afonso Escosteguy eta Ana Luiza Etchalus. Sukalde lanean Fernanda Etchepare, Maria de Fatima Etchepare eta Haritz Aranburu ibili ziren eta IGTFrekin harremanetan Valerio Askonabieta eta Ederson Otharan. Dekorazioaren ardura Elimar Insaurriagak izan zuen eta Oscar Inzulza euskal txiletarra euskal dantzekin ausartu zen.
Partehartzaileak asko izan ziren, besteak beste Adayr Insaurriaga, Eduardo Insaurriaga, Carlos Alberto Tellechea, Maria José Beheregaray, Julia Etchepare, Gabriel Etchepare, Luis Antonio Etchepare, Adriano Echevarne, Alejandro Argañaraz (elkartearen blogaren arduraduna) eta askoz gehiago, horien artean euren seme-alabak eta bilobak, 5., 6. eta 7. belaunaldiko euskalbrasildarrak.
"Ohorea"
Elkartean oso kontentu dira euren jarduerek izan zuten harrera onarekin. "IGTFek euskal gaia ikutzen duen aurreneko aldia da, hau da, orain arte inrok ez zuen ofizialki aintzat hartu euskaldunek bertako gizartearen bilakaeran izan dugun eragina", adierazi du Ana Luiza Etchalusek. "Aurten aurrenekoz hitz egin da euskaldunei buruz, nahiz eta gure gauchoek euskaldunen eragin handia zuten, beste herrialdetakoek bezalaxe (Argentina, Uruguai eta Brasil). Baina gure elkartea euskaldunei buruz hitz egiten hasi zen arte, hemen inork ez zekien ezer eragin horri buruz".
"Casa Basca do Rio Grande do Sul elkartearentzat arrakasta handia da aintzat hartze hau, oso garrantzitsua, bisibilidade asko ematen digu. Oso pozik gaude eta ohore bat izan da gonbidapen hau jasotzea. Aurrera jarraitu nahi dugu IGTFrekin lankietzan eta datorren urtean arrakasta eta bisibilidade are handiagoa izatea espero dugu", amaitu du.
Beste argazki batzuk eta kronika (portugaleraz) Casa Basca de Rio Grande do Sul-en blogean.