Brasilen, Rio Grande do Sul-go Euskal Etxeko (CBRGDS) ordezkaritza batek Tradizio eta Folklore Gauchoaren Institutua (ICTF) bisitatu du joan den astelehenean estatuko Porto Alegren hiriburuan. Elkarteko lehendakari Ana Luiza Panyagua Etchalus buru, euskal ordezkariak IVTFko lehendakari Vinicius Brum eta Institutuko beste buruzagi batzuk izan zituzten anfitrioi. Besteak beste, euskal immigranteek bertako kultura gauchoa sortarazten izandako eragina aztertu beharra izan zuten hizpide.
Porto Alegre, Brasil. Brasilgo euskal elkarte gazteeneko, eta aldi berean aktibotasun handiz ari den Casa Basca do Rio Grande do Sul honetako kideak IGTF (Instituto Gaúcho de Tradição e Folclore) erakundearen egoitza bisitatu zuten iragan astelehen goizean. Eurak errezibitzera atera ziren IGTFko lehendakari Vinicius Brum, Institutuko Zuzendaritzako Ivo Ladislau y Roberto Carlos Coelho lagun zeuzkala.
Euskal ordezkaritzako partaide ziren, Ana Luiza Panyagua Etchalus lehendakariarekin batera, elkarteko lehendakariorde Valerio Azkonobieta eta Tradizio eta Folklore arloko zuzendari Ederson Otharan. Elkarretaratzean planteatu zen gai nagusietako bat bi elkarteen arteko lankidetza izan zen eta zehatzago euskal jatorriko immigranteek inguru honetako herri-kultura --kultura gaucho eta riograndetarra-- sortzen izan zuten eragina eta egin zuten ekarria ikertzen egin daitekeen ahalegin amakomuna.
Oso giro onean garatu zen bilkuran aipatu zen baita ere euskal etxe gauchoak parte hartu ahal izatea IGTFren ekimenetako batzuetan, hala nola Expointer 2015, Assis Brasil Park Esteion eta Forroupilha Hilabatean eta Porto Alegre erdigune historikoan kokatzen den Estancia Harmonian.
Opari moduan, Rio Grande de Sulgo Euskal Etxeko ordezkariek, Ana Luiza Panyaguak idatzitako Alma Basca liburuaren ale bat eman zieten euren solaskideei, izan ere liburuan Brasilera eta estatu honetara bildu ziren euskaldunen gaiarekiko aurkezpen orokorra egiten da. Estatuaren kasuan, lehendabiziko euskaldun horietako asko ondoko Uruguaitik, hegoaldetik, pasatu ondoren sartu ziren eta finkatu ziren Brasilen.