euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Brasilgo Rio Grande do Sul EEa, pozik Euskal Topaketaren arrakastarekin: "Taldea indarberrituta atera da"

2013/06/14

Rio Grande do Sul elkarteko presidente Ana Luiza Ecthalus, mikrofonoa eskuan, Mikel Ezkerro irakaslea (ezkerrean) aurkezten (argazkia RGSEE)
Rio Grande do Sul elkarteko presidente Ana Luiza Ecthalus, mikrofonoa eskuan, Mikel Ezkerro irakaslea (ezkerrean) aurkezten (argazkia RGSEE)

PUBLIZITATEA

Rio Grande do Sul estatu brasildarreko Casa Basca elkarteak Euskal Topaketa egin zuen ekainaren 8an, Pelotas hirian. Ekitaldiak harrera ona izan zuen, eta Brasilgo, Uruguaiko eta Argentinako lagunak bildu ziren bertara. Elkarteko presidentea, Ana Luiza Etchalus, pozik agertu da emaitza on horrekin eta euskal etxea indarberrituta atera dela azaldu du. Ekimenak jarraipena izango du eta datorren azarorako topaketa berri bat antolatzen ari dira, baina oraingo honetan deiak herrialdeko mugak gaindituz: Brasilgo eta Uruguaiko euskaldunen lehen bilkura izango da.

Pelotas, Brasil. Rio Grande do Sul Euskal Etxeak iragan ekainaren 8an egin zuen Pelotas hirian Euskal Kultur Topaketa, eta 70 bat lagun bildu ziren bertara, asko eta asko euskal jatorridunak. Gehienak Brasildik etorri ziren --Porto Alegre, Santana do Livramento, Alegrete, Uruguaiana, Florianopolis, Porto Alegre, Sao Paulo-- eta baita Uruguaitik ere. Horrez gain, Buenos Airesetik heldu ziren Mikel Ezkerro hizlaria eta Sara Pagola, Euskadiko ordezkaria Mercosurrerako. 

Elkarteko presidentea, Ana Luiza Paniagua Etchalus, oso pozik agertu da topaketak izan duen harrera onarekin eta, haren esanetan, antolakuntzan lanean jo eta su aritu diren bazkideak harro eta indarberrituta atera dira.

Blog berriaren aurkezpena

Ekimenei dagokionez, Etchalusek Mikel Ezkerro irakasleak euskal immigrazioari buruz eman zuen hitzaldia azpimarratu du: "Ikusgarria izan zen; gizon aparta da, eskuzabaltasun izugarriduna. Entzuleak hunkituta gelditu ziren eta gogoangarria izan zen ekitaldia euren euskal jatorria ikertzen hasi direnentzat".

Bestalde, Haritz Aranburu sukaldari donostiarrak, euskal etxeko bazkidea berau, euskal gastronomiari buruzko hitzaldia eman zuen. Amaitzeko, euskal etxeak blog berria aurkeztu zuen: casabascars.blogspot.com.br.

Rio Grande do Sul Encontro 2013

[Ana Luiza Etchalus presidentea euskal etxearen blog berria aurkezten, diseinuaren ardura izan duen bazkideen lantaldearekin. Taldeko buru izan da Alejandro Argañaraz, Claudia Etchepare bazkidearekin batera (argazkia RGSEE)]

Topaketan Pelotas hiriko hainbat agintari izan ziren, eta baita Sao Pauloko Casa Basco Brasileira Euskal Etxeko presidente Oskar Goitia ere. Ekitaldiak oihartzun zabala izan zuen bertako komunikabideetan, bereziki irratian eta egunkarietan.

Lantaldeari esker ona

Ana Luiza Etchalusek antolakuntzan aritu diren bazkideen "gogoa, emozioa eta errespetua" azpimarratu ditu eta esker ona agertu nahi izan die, banan banan, lantaldeko kideei: 

- Guilherme Escosteguy Flores da Cunha
- Ana Maria Longaray
- Diego Irigoyen Pereira
- Laura Ramirez Bruña
- Claudia Etchepare
- Haritz Aranburu
- Alejandro Arganaraz
- Claudio Martin Damboriarena Escosteguy
- Valerio Askonobieta
- Gregorio Beheregaray

Pelotas hiriko lantaldea:

- Fabricio Iribarrem
- Elimar Insaurriaga
- Ricardo Irigon Vinhas
- Vera Lucia Sallaberry
- João Pedro Zabaleta
- Lourdes Etcheverry

Zorionak guztiei! Eta eutsi lan onari!



Komentarioak

  • diaspora elkartzen

    Oso gauza ederra, euskal diaspora elkarri laguntzen ikustea, kasu honetan Argentinako Mikel Ezkerro Brasilera joaten, aurreko bi urteetan Villa Mercedeseko argentinar abesbatzakoek eta Montevideoko Eusko Indarra dantza taldekoek Sao Paulon hasitako bideari segituz. Zorionak arrakastagatik, eta zorionak hartutako lankidetza bideagatik!

    JIE, 2013/06/15 11:35

  • Zorionak denori!

    Zorionak denori. Topaketa oso polita zen! Besarkada bero bat eta segi aurrera. Oskar de Goitia Eusko Brasildar Etxeko Lehendakaria

    Oskar de Goitia, 2013/06/15 02:18

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia