euskal diaspora eta kultura
2012/06/13
PUBLIZITATEA
Rio Gallegos, Argentina. ‘Sala Euskalduna (Areto Euskalduna)’ telebista saioa Rio Gallegoseko euskal etxeak eta bertoko 9. Telebista kateak elkarrekin ekoizten duten proiektua da. 2011an aireratu zen eta arrakastak bultzaturik, aurten esperientzia errepikatzea erabaki zuten Hegoalde Argentinarra erakundeko arduradunek. “Oso proiektu polita da. 9. kanala azpiegituraz arduratzen da eta gu edukiaz. Iaz aireratu genuen lehendabiziko edizioa eta oso ondo atera zenez, aurten errepikatu nahi izan dugu”, adierazi du Cesar Arizmendik.
“2012ko proposamena iazkoa baino zabalagoa izango da. Zikloak bi zati izango ditu. Lehena apirilean hasi zen eta joan den igandean aireratu genuen azken programa. Emanaldia berezia izan zen hiriko Liburu Azokaren baitan egin baitzen. Eta dena ondo badoa, datorren hilabetean zortzi saioko bigarren zatiari ekingo diogu”.
Edukiei dagokienez, 54 minutuko saioan euskal etxeko bazkide diren Miguel Auzoberria, Marta Goyheneix eta Roberto Arizmendik Euskal Herriari buruz mintzatzen dira eta ‘Kimuak’ bildumaren bizpahiru laburmetraia eman daitezke, esaterako. “Berriak, informazioa eta, oro har, Euskal Herriko kultura ezagutarazteko baliagarriak diren datuak komentatzen dira ikusleekin. Badakigu jende askorengana heltzen garela. Anekdota gisa kontatu nahi dut duela gutxi jakin dugula arrantza-ontzi batean ikusten zutela saioa. Seinalea hartu zuten eta ‘Sala Euskalduna’ ikusten zuten hor itsas zabalean”, kontatu digu Arizmendik. Gogora dezagun 9. kanala Tierra de Fuegorekin batera Argentinako australena den Santa Cruz probintzia osoan zehar ikusten dela.
Euskal pilota
Telesaioaz gain, beste proiektu polit bat dute munduko euskal etxerik australena den honetako kideek. Batez ere gazteei kirol egiteko aukera emate aldera, hitzarmen bat sinatu zuten hiriko pilota eskola batekin. “Hor badute frontoi bat eta oro har entrenatzeko beharrezkoa den azpiegitura. Eta gure kide batzuen seme-alabak joaten dira pilotan aritzera. Aurten gazteentzako txapelketa bat antolatu zen eta euskal etxea ekintzaren babeslea izan da. ‘Kirol zintzotasuna’ delako txapelketa ere antolatu genuen udaberrian. Negua heltzen denean hemen ezer gutxi egin daiteke eta beste bi lehiaketa egingo ditugu. Bata hiriko pilotarien artean eta bestea probintzia mailakoa izango da”, iragarri du Arizmendi lehendakariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus