euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rio Cuarton, 99 urte zituela hil den Héctor Otegui margolari, zizelkari, olerkari eta Gure Ametzako bazkidearen oroiz

2019/09/03

Héctor Osvaldo Otegui Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeko 'bazkide agurgarria' zen
Héctor Osvaldo Otegui Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeko 'bazkide agurgarria' zen

PUBLIZITATEA

Río Cuarto, Argentina. Rio Cuartoko Gure Ametza (sic) Euskal Etxetik Jose Maria Artolazabalek idatzi digu lerro batzuk itsatsita Cordoba probintziako hiri honetan abuztuaren 9an hil den Hector Osvaldo Otegui-ren oroiz. Bi urte zituenetik Rio Cuarton bizi zen Otegui "kultura arloko erreferentea izan da, margolari. zizelkari, idazle eta olerkari, eta Euskal Etxeko bazkide agurgarri eta lagun handi", diosku digu Jose Maria Artolazabalek, segidan euskaratu ditugun lerro hauetan azaltzen duenez.

Polifazetikoa da Hector Osvaldo Otegui definitzeko hobekien egokitzen zaion hitza, euskaldunen ondorengo izanik Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxetik gertu egon zen gizona, 99 urterekin zendua. Euskal Etxe hau sortu eta urte batzuetara gure egoitzara hurreratu zen eta Idazkaritzan eskegita daukagun bere koadro bat eman zigun, baserri bat islatzen duena, bere ezaugarri zen kalitatearekin.

Hain zitzaigun hurbilekoa Gure Ametza Euskal Etxea osatzen dugunoi, testu honekin batera doazen argazkiek erakutsi bezala, gustu handiz bizi izan genuela elkarrekin duela urte batzuk gure elkarteko "bazkide agurgarri" aitortzen genuen momentua. Hor agertzen dira, konparazio, gaur egun ere Zuzendaritza Batzordeko kide diren Eduardo Aguirre eta Elba Viano solas atseginean maisuarekin, bere alaba lagun, hau ere gure ohiko ekitaldietako batzuetara etorritako emakumea.


Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxean lagunez inguratuta

Margolari, zizelkari, eszenografo. idazle eta olerkari, Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionalak Honoris Causa Doktore izendatu zuen, hiriko pertsonaia maitatuenetako bat bilakaturik, eta hori begi bistakoa izan zen gorpuaren beila garaian, egun osoan pertsona asko bertaratu baitziren azken agurra ematera Rio Cuartoko kultura erreferente bat izan zen lagunari.

Oteguik maiatzaren 13an bere zituen 99 urteak. Parkinson gaitza zeukan eta azkeneko hilabetetan eroriko batzuk bere osasuna kaltetu zuten.

"Nire hiria margotu dut nik, nire garaiko gauzak, egun galtzen doazenak, gurdiak, lehengo etxeak, estantziak, errekak... Bizitza polita izan dut. Asko bidaiatu dut, mota askotako jendeak ezagutu ditut. Zoriontsu izan naiz oso", aitortu zuen maisuak bere azkeneko erreportajean.

Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionalak (UNRC) azken agur gisa bere oroiz egindako bideoa

Arte Eerretako irakasle izan zen eta bere obrak museo eta pinakoteka garrantzitsuetara iritsi ziren, baina beti irakatsi izan zuen musutruk Rio Cuartoko Alberdi auzoko "La Mancha" bere eskolatxoan.

Arkatzak patrikan ibili ohi zen bere auzoan, kalean jolasean ari ziren haurrei margotzeko gonbitea eginez. Guztiekin hitz egiten zuen, Apaltasunez eta umorez, pasadizo mordoa partekatzen zuen.

Buenos Aires probintziako Pergaminon jaioa, bi urte zituenetik bizi zen Rio Cuarton. Heldua zela, bere talentuagatik lortu zuen beka eta Espainian, "margolarien printze" gisa oroitzen zuen eta bere mentore kontsideratzen zuen Julio Moisés maisuarekin aurreratu zuen.

Mihiseak Cordoba probintzia hegoaldeko paisaiekin Abileneko (AEB) Arte Moderno Museoraino iritsi ziren eta Espainia, Mexiko, Frantzia eta Peruko pinakoteketara.

Bere emazte Miguela del Carmen Martínez-kin (zendua), bi seme-alaba izan zituen: Carlos (zendua) eta Adriana, azken hau azkeneraino ondoan izan duena.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia