75 lagunentzako lau motatako pintxoak prestatu zituzten etxeko chefek eta arrakasta handia izan zuten. Orain, urteko bigarren elkarretaratzea ari dira antolatzen Gure Ametza-ko kideak, apirilean egiteko, etxeko 2015eko ikastaroen hasierarekin batera.
Rio Cuarto, Argentina. Udako oporretatik bueltan, ohiko egunerokotasunera bueltatzen ari dira Argentinako euskal etxeak eta poliki poliki urteko programak hasten dira plazaratzen. Cordoba probintziako Gure Ametza ez da salbuespena izan eta martxoaren 13an egindako tabernarekin 2015eko taberna zikloari eman zion hasiera.
Euskal etxearen deialdiari erantzunez, 75 bat lagun bildu ziren egoitzako areto nagusian euskal afari batez gozatzera, tartean Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionaleko ordezkaritza bat. Gauean zehar, sukaldariek prestatutako kutixiak ez ezik, bideoak, musika eta giro ederra konpartitu ahal izan zituzten gonbidatuek.
Euskal etxean aurten garatuko diren ekintzei dagokienez, aipatu behar da pilota eta euskara klaseak apirilean hasiko direla. Euskara klaseak Euskal Herriko Iñigo Landeta irakaslearen ardurapean egongo dira. Musika arloan, txalaparta tailer bat ere eskainiko du euskal etxeak. Jarduera hauez gain, instituzioko buletinarekin jarraitzen dute Gure Ametza-ko kideek –orain, bi hilabeteko maiztasunarekin–, eta Euskal Herriko festa-egutegiko data esanguratsuenak ospatuko dituzte, urtero bezala.