euskal diaspora eta kultura
2011/09/07
PUBLIZITATEA
Río Cuarto, Argentina. Hazten jarraitu ahal izateko beharrezkoa da erroak zaintzea. Eta hori da Rio Cuartoko euskaldunek abuztuan egin berri dutena, euren kide nagusiei omenaldia eginez. Euskal etxeko aretoan ehun eta laurogei bat lagun bildu ziren paella eder baten inguruan, familia giroko une hunkigarriaz gozatzeko.
Bazkariaren baitan, euskal etxea sortu eta abiarazi zuten Jose Irazoqui, Eduardo Celoria, Carlos Alustiza, Betina Azcacibar, Edurne Bilbao eta Manuel Zalazar fundatzaileek oroigarri bana jaso zuten erakundeko Zuzendaritza Batzordeko egungo agintarien eskutik.
[Pablo Cufre Euskara irakasleak eskuratu zion diploma Edurne Bilbao-ri (argazkia EE)]
Ekitaldi berean, Clara Celoria marrazkilariari ere eskuratu zitzaion ikurrina batez inguratutako diploma ederra. Gogora dezagun Clara Celoriak euskal etxeko logoa asmatu zuela 1996ean. Arte arloko beste kide batek ere bere oroigarria jaso zuen abuztuko 21eko jaian: 91 urterekin, Hector Otegui margolariak pintura eskolak ematen dizkie hiriko Alberdi auzoko umeei. Oteguik euskal baserri bat irudikatzen duen koadro bat oparitu zion erakundeari 1998 urtean.
[Euskal etxeko zenbait kide Edurne Bilbao eta Hector Otegui margolariarekin (argazkia EE)]
Euskal Herria Plaza
Bestalde, azken hilabete hauetan Rio Cuartoko euskaldunek egindako ekimenen artean, bertako Euskal Herria Plazan egindako hobekuntzak aipa daitezke. Joan den uztailaren 29an hamasei zuhaitz landatu zituzten Gure Ametza euskal etxeko kideek Cordoba probintziak utzitako lur-eremuan. “Probintziako gobernuak eman zizkigun 16 arbolak eta Nekazaritza Ministerioko Dario Fuentes-i eskertu behar diogu hori. Hortik aurrera geure ardura da plazaren zainketa”, dio Sergio Egiazuk.
[Uztailaren 29an hamasei zuhaitz landatu zituzten Gure Ametza-ko lagunek 'Euskal Herria Plaza'n. Oraingoz sobera langu gabeko lursaila da 'plaza', baina pixkanaka paseatzeko eta biltzeko naturgune bilakatu nahi dute euskaldunek parajea (argazkia EE)]
Beste alde batetik, Rio Cuartoko Gure Ametza euskal etxetik jakinarazten digute irailaren 22an erakundeko bilkura egingo dutea Euskal Etxeak, kontuak eztabaidatu eta Zuzendaritza Batzordea berritzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus