euskal diaspora eta kultura
2012/03/22
PUBLIZITATEA
Rio Cuarto, Argentina. Cordobako gobernu eta euskal etxeen arteko loturak indartzeko asmotan bisitatu zuen Gure Ametza-ko zuzendaritza batzordeak Walter Paez herri-etxeko zuzendaria. “Bileran, elkarrekin gara ditzakegun lan proposamen batzuk aipatu genituen, beti elkarreragina eta integrazio kulturala kontuan hartuz eta gogoan eukiz Euskal Herriko ohiturak, artea eta kirolak”, azaldu dute bilkuran parte hartu zuen euskal ordezkaritzako kideek, Eduardo Aguirre, Sergio Eguiazu, Elba Viano, Pablo Cufre, Manuel Campoamor eta Javier Unamuno partaide.
Pasa den martxoaren 16an izandako elkarretaratzean, Gure Ametza-ko lagunek Euskal Herria Plazaren etorkizunari buruz ere hitz egin zuten. “Probintziak euskal etxeari 50 urterako utzitako lur eremua euskal kultura zabaltzeko gune bihurtu nahi dugu eta kari horretara gure proiektua kontuan izateko eskatu genion Paez-i. Gure eskaera da probintziako gobernuak Euskal Herria Plaza sar dezan Rio Cuarto ibaiertzea hobetzeko daraman planean”, azaldu dute Eduardo Aguirre buru duen euskal etxeko kideek.
Gogora dezagun euskal etxeak probintziatik jasotako berdegunea hiriko Juan Filloy Zubiaren hegoalde sarrera ondoan dagoela kokatuta eta 2010eko uztailaren 30ean inauguratu zela Euskal Herria Plaza izenpean, kultur eta olgetarako ekitaldiak egiteko asmoarekin. “Inaugurazio ekitaldian, ikurriña altxatzeko masta, lehenengo harria eta oroipen kutxa jarri genituen plazan”, gogoratu dute euskal erakundeko lagunek.
[Gure Ametza euskal etxeko 2012ko lehenengo euskara eskola, Pablo Cufre-ren ardurapean (argazkiaEE)]
Bien bitartean, euskal etxea prest dago 2012ko ikasturte berriko ekintzekin hasteko: euskara klaseei atzo ekin zieten, Pablo Cufre eta Cecilia Irusta irakasle; etxeko pilotariak jo eta ke ari dira entrenatzen eta dantza entseguak apirilean hasiko dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus