euskal diaspora eta kultura
2013/06/12
PUBLIZITATEA
Rio Cuarto, Argentina. Aktibitaterik gabeko urtebete pasa ondoren, Gure Ametza-ko labeak martxan jarriko dira berriro datorren igandean. “2012an ezin izan dugu gure paella gozoa prestatu sukaldea obretan baitzegoen eta ez geneukan gas konexiorik. Orain, lan horiek bukatuta, hasi ahal izango dugu berriro gure etxean eta auzokoen artean plater arrakastatsua den hau eskaintzen”, azaltzen dute Gure Ametzatik.
Salmenta datorren igandean, ekainaren 16an, egingo da baina txartelak aldez aurretik behar dira erosi. “450 pertsonarentzako janaria egingo dugu; hala ere, eskaera ikusita erreserbak egitea gomendatzen dugu”, iragartzen dute euskal etxetik. Horretarako idazkaritzara jo behar da goizeko 10etatik 12etara edo telefonoz, 0358 46 24652 zenbakira. Puska edo ano bakoitzak 60 peso balio ditu eta igande eguerditik aurrera egongo dira eskuragai.
Janaria prestatzea eta anoka auzokoei eta herritarrei saltzea Argentinan eta munduan euskal etxe askok erabiltzen duten bidea da aurrekontua berdintzen laguntzeko. Euskaldunek sukaldari on gisa daukaten izen onari ohore eginez, irtenbide irudimentsu honek laguntza garrantzitsua ematen die Rio Cuartoko euskaldunei ere, euren ingurukoen gastronomi gurariak betetzen dituzten bitartean, finantziatzen laguntzen baitute, kasu honetan euren egoitzan egiten ari diren hobetze obra garrantzitsuak.
Egoitzaren berrikuntza
Izan ere, obra hauek eta paella anoen salmenta bera ere hizpide hartu du Gure Ametzak hilabetero plazaratzen duen izen bereko aldizkariak. Ekaineko zenbakiak argitzen du, esaterako, kideei gero eta zerbitzu hobea eskaintze aldera, konponketek segitzen dutela Gure Ametza euskal etxean. Sukaldeko obrak bukatutakoan, lehenengo pisuko Erabilera Anitzeko Aretoa eta taberna berritzearekin jarraitu dute. “Aipatu toki hauek etxeko bazkideentzako dira. Asmoa da barra/txoko bat muntatzea bertan astean zehar pintxoren bat eta euskal edari tipikoak hartu ahal izateko. Lehenengo lanak maiatzean egin ditugu; bigarren urratsarekin --elektrizitate eta arotz lanak, klimatizazioa eta girotzea-- berriz, urte amaieran jarraituko dugu”, argitzen du euskal etxearen buletinak.
Gizataldeen omenezko saria
Maiatzaren 23an, bestalde, Gure Ametzako ordezkaritza batek Rio Cuartoko Rotary Klubeko Emakumeek antolatutako kultur ekitaldi batean hartu zuen parte. Helburu humanitario zuen lehenengo jaialdi hau Udal Antzokian burutu zen eta gizatalde israeldar, frantsesa, espainiar, italiar, boliviar, siriar-libanoar eta euskalduna bildu zituen.
[Rotary Klubeko Nilda de Sarquis Gure Ametza Euskal Etxeko kideekin (argazkiaEE)]
[Rotary Clubek Gure Ametza Euskal Etxeari emandako diploma (argazkiaEE)]
Kolektibitateen lana gailentzeko asmoa zuen ekintzaren baitan herri askotako dantza eta musika ikuskizunak ikusi ahal izan ziren. Emanaldia bukatzean, ‘Reconociendo Colectividades’ delako saria jaso zuten Gure Ametzako kideek. “Lagun arteko gaua izan zen; gure kultura erakusteko ekitaldi polit eta berria”, azaldu dute euskal etxeko arduradunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus