euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rio Cuartoko 'Euskal Herria Plaza'ren inaugurazioan, euskal etxeko dantza taldeak bere aurkezpena egin du

2010/08/05

Rio Cuartoko 'Euskal Herria Plaza' inauguratzeko ekitaldian Villa Mariako Valentin Gortari dantzariak Aurreskua dantzatu zuen
Rio Cuartoko 'Euskal Herria Plaza' inauguratzeko ekitaldian Villa Mariako Valentin Gortari dantzariak Aurreskua dantzatu zuen

PUBLIZITATEA

EuskalKultura.com-ek garaiz aditzera eman zuenez, 'Euskal Herria Plaza'ren inaugurazio ofíziala eta lehenengo harria jartzeko ekitaldia gauzatu zen Rio Cuarton joan den uztailaren 30ean. 'Gure Ametza' (sic) Euskal Etxeak bultzatutako proiektu honen bidez, ibaiaren ondoan kokatuta dagoen berdegunea euskal kultura zabaltzeko eremu bihurtuko da laster, eta hiriko gizatalde guztiak eta oro har komunitate osoa dago gonbidatuta leku berri honetaz disfrutatzera. Euskal etxeko kideekin batera, FEVAko lehendakari Raul Basterra ere izan zen inaugurazioan, baita udaletxeko eta probintziako agintariak ere. Urtearen hasieran sortu zen etxeko dantza taldeak bere lehenengo emanaldia eman zuen inaugurazioan, bertako euskaldunen aspaldiko asmo bati eutsiz.

Rio Cuarto, Argentina. San Inazio eguneko bezperan inauguratu da Cordoba probintziako Rio Cuarto hirian 'Euskal Herria Plaza'. Ekitaldiari hasiera emateko, Villa Mariako Valentin Gortari dantzariak Aurreskua dantzatu zien hiriko, probintziako eta Argentinako Euskal Erakundeen Federazioko agintariei. Musika jotzearen ardura, berriz, Cordoba hiriburuko Jose Noe Fernandez Brizuela txistulariarena izan zen. Bi gazte hauek propio bidaiatu ziren Rio Cuartora zeremonia honetan parte hartzera.  

FEVAren izenean, Ricardo Basterra lehendakaria izan zen ekitaldian eta bildutako jendeari hitz batzuk zuzendu zizkion. Euskal Herritik etorritako immigranteek Argentina handi zedin izan zuten garrantzia azpimarratu zuen Basterrak bere diskurtsoan; horretaz gain, Rio Cuartoko euskaldunak euskal kultura zabaltzen jarraitzera animatu zituen.

Rio Cuarto - 'Euskal Herria Plaza'ren inaugurazioa 2010 01

[Plazaren proiektuaren sotzaile Eduardo Aguirrek hitz batzuk esan zizkion bildutako jendeari]

Ondoren, Marisa Arias Cordoba probintziako gobernuko ordezkariak zorion beroak eman zizkien euskal etxeko kideei Gure Ametza jaio zenetik egindako lanagatik, eta erakundeko sortzaileak, batez ere Bilbao familia, gogora ekarri zituen. Hizlarien artean, etxeko kide eta plazaren proiektuaren egilea den Eduardo Aguirre ere aipatu behar da. Plazaren helburu nagusia euskal kultura hedatzea bada ere, berdegunea kultura guztiei eta komunitate osoari irekita egongo dela azpimarratu zuen Aguirrek.

Rio Cuarto - 'Euskal Herria Plaza'ren inaugurazioa 2010 02

[Ekitaldian, Rio Cuartoko Euskal Etxean jaio berria den dantza taldeak pieza batzuk dantzatu zituen, lehendabizikoz jende aurrean]

Zeremoniarekin bukatzeko bertako Euskal Etxean jaio berria den dantza taldeak dantza emanaldi bat eskaini zion publikoari. Jende aurreko lehenengo dantzaldi honetan, Gure Ametza-ko dantzariek Fandango, Arin Arin eta Zazpi Jauzi interpretatu zituzten. Inaugurazioa bukatuta, Mikel Ezkerrok hitzaldi bat eman zuen euskal etxearen egoitzan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia