euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rio Cuartoko EEak kide helduenak saritu ditu eta Edurne Bilbao izena jarri dio bere egoitzako areto bati

2013/11/22

Esther Ansorena, Josefina Bilbao, Elva Viano Zuza eta Walter Patatxo Asnal bazkide sortzaileak saritu zituen Gure Ametza-k joan den azaroaren 13an (argazkiaEE)
Esther Ansorena, Josefina Bilbao, Elva Viano Zuza eta Walter Patatxo Asnal bazkide sortzaileak saritu zituen Gure Ametza-k joan den azaroaren 13an (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Euskal etxearen sortze prozesuan parte hartu zuten lau kide omendu zituen Gure Ametza Euskal Etxeak bazkide helduenen lana eta engaiamendua nabarmentzeko helburua izan zuen zeremonia batean. Ekintza berean, Edurne Bilbao izenarekin bataiatu zuten euskal etxekoek euren egoitzako sukaldea. Jardunbide luzea duten lagunekin batera, ‘etorkizuneko belaunaldien haziak diren txikiek’ ere jaso zuten diploma bana. EuskalKultura.com aktibitatearen lekuko eta baita protagonista ere izan zen.

Río Cuarto, Argentina. Eduardo Aguirre buru duen batzordeak hasitako ohiturari eutsiz, Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeak bere bazkide zaharrenak saritzen jarraitzen du eta testuinguru horretan omenaldi berezi bat egin die pasa den asteko asteazkenean euskal etxearen alde lan egindako Esther Ansorena, Walter Patatxo Asnal, Josefina Bilbao eta Elva Viano Zuza bazkide fundatzaileei, diploma bana eskuratuz.

Omenaldia Gure Ametza-n 2013 01

[Sukaldearen izen berria erakusten duen plaka desestali zen zeremonian (argazkia EE)]

Omenaldia Gure Ametza-n 2013 02

[Euskal etxeko agintariak eta Joseba Etxarri Edurne Bilbao omenduarekin (argazkia EE)]

Zeremoniaren barruan, sukaldearen izen berria daraman plaka bat desestali zen. Gure Ametza-tik azpimarratu dutenez, euskal etxeko sukaldari gisa hainbat urtez eginiko lana eskertzeko ipini diote Edurne Bilbao izena sukaldeari. Edurnek sukaldaritza ekintza guztietan hartu du parte euskal etxea sortu zenetik, musutruke eta euskal sentimenduarekiko konpromiso paregabekoa erakutsiz. Edurne,  Josefina, Imanol eta Jose Bilbao, azken bi hauek hilik, Gure Ametza-ren fundazioan partaidetza handia izan zuen familia batekoak dira”.

Baina jardunbide luzea dutenak ez ziren gaueko saridun bakarrak izan. Izan ere, eta etorkizuneko oinarriak sendotze aldera, euskal etxean urtebete daramaten txikiei ere eskuratu zitzaizkien diplomak.

Euskal Diasporari buruzko hitzaldia

Argentinako egonaldia baliatuz, 2013ko Euskal Aste Nazionalaren egoitza izan zen Villa Maria hiritik gertu dauden beste euskal etxe batzuk bisitatu zituen joan den astean EuskalKultura.com buletin honen zuzendaria den Joseba Etxarrik. Biraren baitan, omenaldiaren partaide izateaz gain, Euskal Diasporari buruzko hitzaldia eman eta Gernikako Arbolaren Kimua eta Euskal Herria Plaza bisitatu zituen Joseba Etxarrik. Eta Eusko Jaurlaritzak bidalitako fresatzeko makinak erabiltzen dituen Eskola Industrial-ean ere izan zen.

Arbolak landatzea Euskal Herria Plazan

Pasa den asteko programarekin bukatzeko, larunbat 16an euskal etxeko kide batzuek Wichan Ranquen Komunitate Mintegiko langileekin batera 45 zuhaitz autoktonoak landatu zituzten Euskal Herria Plazan.

 

Arbolak landatzea 2013 03

[Gure Ametza eta Wichan Ranquen Komunitate Mintegiko lagunak Euskal Herria Plazan (argazkia EE)]

Gogora dezagun Rio Cuarto izeneko ibaiaren ertzean dagoen euskal enparantzan 2010eko abuztuan inauguratu zela euskal kultura sustatzeko eremu bihurtu nahi duen 'Euskal Herria Enparantza'.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia