euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Río Coloradon, Ibaiko Euskaldunak EEak 'Mus Txapelketa Handi' batez ospatuko ditu 23 urteak, tartarekin eta topa eginez

2023/04/13

Rio Coloradoko “Ibaiko Euskaldunak” Euskal Etxeak 'Mus Txapelketa Handi' bat antolatu du bihar bere 23. urteurrena ospatzeko
Rio Coloradoko “Ibaiko Euskaldunak” Euskal Etxeak 'Mus Txapelketa Handi' bat antolatu du bihar bere 23. urteurrena ospatzeko

PUBLIZITATEA

Río Colorado, Argentina. Larunbat honetan, apirilaren 15ean, Rio Coloradoko Ibaiko Euskaldunak Euskal Etxeak bere 23. urteurrena ospatuko du, eta modu berezian gainera. Ostiral gauean 'Mus Txapeleta Handi' bat hasiko dute, eta larunbateko 0:00ak iristen direnean, kopak altxatu eta urteurrenaren eta lantzen ari diren geroaren alde egingo dute topa, zailtasunak zailtasun, euskal etxea aurrera eta lanean ari dela ospatzeko. Izan ere, ostiralean hasitako Mus Txapelketa eten egingo dute tragu hori partekatzeko, zorionak eta agiantzak jaurtitzeko, eta txapelketako partidekin segituko dute, guztia gogotsu, bozkarioz eta engaiamendu osoz.

Ibaiko Euskaldunak-eko lagunentzat ez da erraza izan azken urteotan Euskal Etxeari eustea. Eraikinak, komodatuan, oso konponketa garestiak behar zituen aspalditik, eta oraindik ere behar ditu. Aldi berean, bazkideen parte-hartzeak behera egin zuen, eta gero, gainera, pandemia iritsi zen. “Pandemiako bi urteetan impasse handi bat izan genuen, baina azken boladan jende gaztea hurbildu zaigu, ez dira asko, baina lan egiteko gogoz etorri dira, eta iaz berriro jarri ginen martxan”, kontatu dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko idazkari Celia Baqueirok.


Umeentzako tailerra Ibaiko Euskaldunak Euskal Etxean, Viedma eta Patagonesko Aberri Etxeko gazteen eskutik 

Martxoan adin guztientzako dantza eta jolas jardunaldi bat antolatu dute. Viedma eta Patagoneseko Euskal Etxetik etorritako gazte talde baten laguntzaz egin zuten. Izan ere, Aberri Etxeko Martin Traba Andrieu, Antonela Ibarrola eta Josetxu Astolfi dantzariek eta Virginia Argañaraz irakasleak umeentzako tailer bat eskaini zuten, dantza-jokoak, herri kirolak eta abestiak landuz.

“Oso aukera polita izan zen, aberasgarria oso, gure ustez jarraipena izan behar duena, eta hori aukeren arabera gauzatuko da. Topaketa horretatik emakume gazte talde txiki bat sortu da, umeekin nolabaiteko erregulartasun batekin lanean jarraitu nahi duena, eta jolasen bidez, euskal kultura transmititzen interesatua”, diosku Maria Celiak.

'Mus Txapelketa Handia' eta erabilera partekatua

Musa betiereko proposamen arrakastatsua izan da Ibaiko Euskaldunak-en. Ez da harritzekoa, beraz, datorren ostiral honetan, apirilaren 14an, 'Mus Txapelketa Handia' antolatu izana. Oraingoan, gainera, urrats berria emanez, bikote irabazlea Euskal Etxearen ordezkari joango da Argentinako txapelketa nagusiko partidetara. Ostiralean, kantina zerbitzua eskainiko dute eta gauerdian, opil bat partekatu eta topa egingo dute, Río Coloradoko euskal elkartearen geroaren aldeko apustua eginez.

Duela gutxi, bestalde, hitzarmena sinatu dute Udalarekin, Garapen Sozialerako Idazkaritzak antolatutako helduentzako tailerrak Euskal Etxearen egoitzan egin daitezen. “Guretzat plazer handia da Euskal Etxea komunitateari zabalik egotea”, nabarmentzen du Ibaiko Euskaldunak-en erreferenteak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia